III. NIFF jaialdia Iruñean, abuztuaren 4tik 7ra

Bizkaie! 2021-08-03 12:51   Zinemea

Emakumeen zinemagintzea izango da aurtengo edizinoaren ardatza.

Esther Garcia produktorea sarituko dau III. NIFFek | Ikusi handiago | Argazki originala

Bihar, hilak 4, hasi eta zapatura arte, zinemagintzearen erdigune bihurtuko da Iruñea, Navarra International Film Festival (NIFF) jaialdiaren hirugarren edizinoari esker. Emakumeak aztergai eta protagonista nagusi dirala, ikus-entzunezko proposamen ugari egongo dira publikoaren eskura, lehiaketan zein beste atal batzuetan. Erakusketak, aurkezpenak eta tailerrak be ez dira faltauko.

Sail Ofizialean lehiatuko dira NIFF jaialdirako aukeratutako film nagusiak. Lan onenaren Urrezko Meliton Sariak 4.000 euroko diru-saria dakar, aurreko edizinoaren bikotxa.

Beste atal honeek be badagoz egitarauan: Espainiako film laburrak, Student Films, Quarantine, film laburren gidoien lehiaketea eta Nafarroan grabautako pelikulena. Isabel Coixetek gidatutako tailerraren emoitzea ikusi ahal izango da azken atal horretan.

Era berean, Ohorezko Meliton Saria emongo deutse Esther Garcia produktoreari. El Deseo produkzino-etxearen bidez, zinemagile ospetsuen filmak bultzatu ditu Garciak, adibidez, Pedro Almodovar, Isabel Coixet eta Benicio del Tororenak. 

Emakumeak III. NIFF jaialdiko ardatza diranez, CIMA emakume zinemagileen alkartearen ekitaldia egingo dabe Iruñean. 600 kide baino gehiago dituan alkarte horretako ordezkariek agiri bat sinatuko dabe, zinemagintzan bardintasuna ezartearen aldekoa. 

NIFF jaialdiari ekiteko, hilaren 4an, Toni Garciaren D'Artacan y los tres mosqueperros animazinozko filma estreinauko dabe, Nafarroako produkzinoa dauen lana. Amaierako ekitaldia, abuztuaren 7an, be aitatzekoa da, sariak emoteaz gan DJen musikaz gozau ahal izango dalako. Iruñeko Katedralean egingo dabe ekitaldi hori.

Baluarte, Nafarroako Antzerki Eskolea, Kondestablearen jauregia eta Civican dira NIFFen ganerako guneak. Ekitaldi guztiak dobakoak dira, baina, pandemiaren eraginez edukierak murriztuta egongo diranez, online ikusteko modua be emongo dabe, jaialdiaren webgunean bertan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu