Hautatu ditue Donostiako Lau Haizetaran parte hartuko daben proiektuak

Bizkaie! 2021-07-28 07:55   Zinemea

2021eko irailaren 20, 21 eta 22an egingo da, Donostiako 69. Zinemaldiaren barruan.

Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroak iragarri dau hamazazpigarren edizinorako proiektuak hautatu dituela; 2021eko irailaren 20, 21 eta 22an egingo da foroa, modu presentzialean, Donostiako 69. Zinemaldiaren barruan. Proiektu ugari aurkeztu dira, askotarikoak, foro honek dokumentalaren industriaren barruan lortu dauen indarraren erakusgarri. Sortze-ahamenean, unibersaltasunean eta koprodukzino-aukeretan oinarrituta hautatuak izan ondoren, 15 izango dira tailerretan eta pitching saioetan parte hartuko dabenak eta bilera indibidualizatuak izango ditue edizino honetako panel erakargarria osotzen daben nazinoarteko ikus-entzunezko industriaren agenteakaz: telebista-operadore eta online plataformen ordezkariak, salmenta-agenteak eta erakundeetako banatzaileak. Tutore aditu bik alkarlanean jardungo dabe hautatutako proiektuetako produktoreakaz eta aurkezpenak jorratu eta hobetzeko tresna egokiak jarriko ditue hareen eskura.

Hautatutako proiektuak Espainiatik, Alemaniatik, Txiletik, Italiatik, Frantziatik eta Austriatik datoz eta hainbat gai aurkeztuko ditue, besteak beste, ohorezko krimenakaitik jazarritako emakumeak, patenteak, hondamen ekologikoak, biziraupena, arazo sozialak, errealidade birtuala, memoria historikoa, feminismoa edo hobetzeko nahiarekin lotutako istorioak.

Donostiako Lau Haizetara Foroak FIPADOC Jaialdiagaz (Biarritzeko Ikus-entzunezko Programen Nazinoarteko Jaialdia) eta DocsBarcelona (Bartzelonako Zinema Dokumentalaren Nazinoarteko Jaialdia) jaialdiagaz dituan lankidetza-hitzarmenen ondorioz, Colors of white rock eta The click trap hautatu dira, jaialdi eta programa horreen azken edizinoan parte hartu dutenak.

Hautatutako tituluak IBAIA saria irabazteko hautagaiak be izango dira. 3000 euroko balioa duen saria da proiektu irabazlearen produktorearentzat eta Paneleko kideek osotuko dabe sariaren epaimahaia.

Finantzaketa-iturri guztiak inoiz baino beharrezkoak diran momentuan, foro hau alkargunea da sektorean genero dokumentaleko profesionalentzat, narratiba barrien indarraren eta dokumental horreek hurreko etorkizunean izan leiken garrantziaren alde eginez.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu