Bilbok 1.600 erreklamazino inguru kudeatu ditu pandemia hasi zanetik

Bizkaie! 2021-07-22 09:13   Pil-pilean

Erreklamazinoen % 17 aire-garraioagaz lotuta egon ziran.

Bilboko Udaleko Osasun eta Konsumo Sailaren menpekoa dan Konsumitzailearen Informazinorako Udal Bulegoak (KIUB) pandemian zehar, 2020ko martitik 2021eko bagilera, kudeatutako erreklamazinoen balantzea aurkeztu dau. Yolanda Diez Osasun eta Konsumo Saileko zinegotzi ordezkariak jakitera emon dauenez, danetara, 140.000 euro baino gehiago berreskuratu dira konsumitzaileen erreklamazinoetan.

2020. urtea koronabirusaren pandemiak markau eban eta honen ondorioz bidaien ezeztapenakaz lotutako konsulta eta erreklamazinoen kopuruak gora egin eban. Erreklamazino horreen zenbateko ekonomikoa oso handia izan zan, kasu askotan 3.000 eurotik gorakoa erreklamazino bakotxeko.

Gobernuak koronabirusak eragindako krisiaren ondorioei aurre egiteko hartutako salbuespenezko neurriei esker, bidaia-agentziek, pagautako dirua bueltau beharrean, kontratautako bidaiaren zenbateko bereko bonu bat eskaini eutsen erabiltzaileei. Neurri hori aldatzea erabagi eban ondoren Konsumo Ministerioak eta, besteak beste, bidaia konbinatuetako bonuen borondatezkotasuna ezarri eban. Halan da be, denpora horretan, erabiltzaile askok Bilboko KIUB-ra jo behar izan eben eskubide hori zelan urratzen zan ikustean, izan be, kasu batzuetan, konpainiek ez eben dirua bueltetan edo zati bat baino ez.

2020an kudeatutako 1.591 erreklamazinoetatik, % 17 aire-garraioagaz lotuta egon ziran eta kasuen % 70ean konsumitzaileen aldeko bitartekaritzea lortu zan, justizia-auzitegietara jo barik eta 40.000 euro baino gehiago bueltetea lortu zan.

Kasu gehienen zailtasunagaitik, erreklamazinoak zarratzeko batez bestekoa 10 hilebetekoa izan zan. Oro har, hegaldiak ez ziran zuzenean kontratau airelineagaz, bitartekari bategaz baino eta horrek zailtasun handiagoa ekarri eban erreklamazino horreek izapidetzeko orduan, bai eta atzerapen handiagoa be, lehen bitartekaritza-saiakera batean erantzunik ez emoteagaitik.

Hegazkin-txartelakaz batera, bidaia konbinatuena izan zan erreklamazino gehien sortarazo zituan sektoreetako bat, erreklamazino guztien % 24, hain zuzen be. Bidaiaren helmugearen arabera (Kanada, Mexiko, New York, Thailandia, Zeelanda Berria....) zenbatekoak, kasu askotan, 4.000 eurotik gorakoak izan ziran eta Bilboko KIUB-ren aldeko bitartekaritzeari esker, kontsumitzaileei 65.000 euro baino gehiago itzultzea lortu zan.

Dentix-en kontrako erreklamazinoak

Dentix-en hartzekodunen konkursoak hagin-kliniken katearen kontrako 113 erreklamazino izapidetzea ekarri eban; gehienek (100) banku-erakunde bategaz finantziautako tratamenduak kontratauta zituen. Kasu askotan, finantziazinoa 7.000 eurotik gorakoa zan.

KIUB-ren bitartekaritzeari esker, hagin-klinikakaz loturiko bost erreklamazinotan 14.000 euro bueltetea eta kasuen % 70ean tratamenduagaz jarraitzea lortu zan, auzibidera jo barik.

Telefonia-konpainiakaz, gimnasioakaz edo akademiakaz lotutako erreklamazinoen bitartekaritzan be emoitza onak lortu ziran.

KIUB dobako zerbitzua da eta konsumitzaileen eskubideen alde egitea eta sustapena bermatzea eta herritarren bizi-kalidadea hobetzea dau helburu.

KIUB

Helbidea: Itxaropen kalea, 22. 48005 Bilbo.
Telefonoa: 944204600 (aldez aurreko hitzordua).
Posta elektronikoa: omic@bilbao.eus
Ordutegia: Astelehenetik obarikura: 08:30etik 13:00etara (irailaren 15etik aurrera, 08:30etik 14:00etara).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu