Igaz baino 2.000 persona gehiagok izena emon dabe UPV/EHUko graduetan

Bizkaie! 2021-07-19 12:13   Pil-pilean

Gitxieneko notak be igon egin dira.

Euskal Herriko Unibersidadeak gaur, garagarrilak 19, 2021-2022 ikasturtean graduko ikasketak hasiko dituen ikasle barrien matrikulazinoari ekingo deutso.

Izena emon daben 18.498 personen eskaerak ordenau dira, igaz baino bi mila gehiago. Horrek gitxieneko notak be igotea eragin dau. Garagarrilaren 19tik 22ra, lehen deialdian deitutakoak gradua egingo daben UPV/EHUko ikastegira bertaratuko dira matrikulea egiteko.

Lehen ordenatze horretan, ondokoak izan dira gitxieneko notarik altuena izan daben graduak:

Fisika + Injinerutzea Elektronikoko Gradu Bikotxa (13,348), Biokimikako eta Biologia Molekularreko Gradua (13,236) eta Medikuntzako Gradua (13,065).

8.442 plaza

Euskal Herriko Unibertsitateko fakultade eta eskoletan, danetara, 8.442 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean. Plaza horreei gehitu behar jakez UPV/EHUri atxikitako hiru ikastegietako (Bilboko Merkataritza Ganberako Unibersidade Eskolea; Gasteizko Erizaintza Eskolea; IMHko Injinerutza Dualaren Unibersidade Eskolea), hiru graduenak, danetara, 230 plaza. UPV/EHUk 2021-2022 ikasturterako igazko eskaintza berari eusten deutso: 103 gradu eta horreetako dozena bat gradu bikotxak dira eta hamaikak unibersidadea-enpresa prestakuntza duala egiteko aukerea emoten dabe, hau da, ikasleek graduko ikasketen zati bat enpresa edo erakunde sozial batean egiten dabe eta, beraz, arlo praktikoak aparteko garrantzia dauka.

Era berean, hogeita hamar baino gehiago dira nazinoarteko titulazino bikotxak. Prestakuntza programa horreek ikasleei aukerea emoten deutse graduko titulu bi eskuratzeko, bata UPV/EHUn eta bestea atzerriko unibersidadean.

Laura Vozmediano Graduaren eta Hezkuntza Barrikuntzearen arloko errektoreordearen eretxiz, “gero eta jente gehiagok egin nahi ditu graduko unibersidade ikasketak Euskal Herriko Unibersidadean eta izen-emote kopuruak gora egin dauenez, gitxieneko notek gora egin dabe. Aurten, gradu bikotxen eskaintzak pizten dauen interesa sendotu egin da eta horreetako zazpi gitxieneko notarik altuenak dituenen artean dagoz. Datuak oso onak dira eta erakusten dabe ziurbakotasun sasoian be, euskal gizarteak euskal unibersidade publikoaren alde egiten dauela”.

Matrikula prozedurea

Garagarrilean Unibersidadera Sartzeko Ebaluazinoaren ohiko deialdian gainditu eben Batxilergoko ikasleak matrikuletan dira, Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, 25 eta 45 urtetik gorakoak eta lan esperientzia dabenak eta titulatuak. Garagarrilaren 19tik 22rako lehenengo matrikularako epe hau eta gero, bigarren deialdian (garagarrilak 24) deitutakoak garagarrilaren 26 eta 27an matrikulauko dira eta hirugarrenean (garagarrilak 28) deitutakoak, barriz, garagarrilaren 29an. Deialdi bi horreetan aurreko ordenazinoan libre geratutako plazak esleitzen dira. Geroago, irailean, beste hiru deialdi egongo dira.
Osasun egoerea dala eta, matrikulea egiteko hitzordua daben guztiei gogorarazo behar jake maskarea eta boligrafoa eroan behar dabela, personen arteko distantzia gorde behar dabela eta gaixotasun sintomaren bat izan ezkero, ez dabela joan behar; euren ordez beste persona bat bialduko dabe dokumentazino guztiagaz.

Onarpen eta matrikuleari buruzko informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu