Euskal Encounter Barakaldora bueltauko da

Bizkaie! 2021-07-15 08:52   Pil-pilean

Era presentzialean egingo da, garagarrilaren 22tik 25era.

Euskal Encounter Barakaldora, BEC erakustazokara bueltauko da aurten. Urtero milaka lagun batzen dituan jaialdiak 29. urteurren berezia ospatuko dau eta parte-hartzea nabarmen mugatua izango da pandemiaren kontrako segurtasun-neurriak zorrotz bete ahal izateko.

Euskaltel Fundazinoak atondu eta Eusko Jaurlaritzeak (SPRI) eta Euskaltelek babestutako bilkureak sormen digitalagaz, hardwareagaz, software libreagaz eta bideo-olgetakaz lotutako dozenaka jarduera eta lehiaketa eskainiko ditu eta ikaskuntzea nahiz ezagutza-trukea sustatuko ditu parte-hartzaileen artean.

Opengunea, publikoari edegitako stand eta berbaldien atala online egingo da eta gai zehatz zein interes orokorrekoei buruzko berbaldiak eta dobako tailerrak izango dira. Barriketa horreetako asko zuzenean jarraitzeko aukerea izango da, bai Discord plataformearen bai Youtubeko kanalaren bitartez eta gai ugari
izango dira aztergai, besteak beste, bideo-olgeten diseinatzailearen rola eta sektore horretan ekintzaile izateko gakoak, kriptotxanponen munduan dabizen iruzur-muetak, adimen artifizialaren aplikazinoak eta zibersegurtasuna hainbat arlotan.

Partyaren jarduera gehienak Encounter TV programan emon eta jorratuko dira. Topaketa teknologikoaren azken albisteak jarraitu nahi dituan edozeinek saioa streaming bidez jarraitzeko aukerea izango dau Twitch plataformaren bidez.

Euskal Encounter Euskaltel Fundazinoak atondutako Encounter sarearen urteko ekimen nagusia da. Topaketa teknologikoen helburua da, hain zuzen, personen, enpresen eta egitasmoen arteko loturak sortu eta bultzatzea, IKT-en testuinguruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu