Ibarrangeluk minbiziaren ikerketarako ekimen solidarioa sustatu dau

Bizkaie! 2021-07-13 12:12   Pil-pilean

Kultur Etxean margolanen enkantea eta erakusketea atondu ditue.

Ibarrangeluko Kultur Etxean ekimen solidario bat dago martxan, Mari Carmen Zubieta ibarrangelutarraren margolanen enkante-erakusketa baten bidez minbiziaren kontrako ikerketan laguntzeko. Haren familiak sustatuta, erakusketea Kultur Etxean egongo da ikusgai garagarrilaren 1etik irailaren 5era eta denpora horretan egin ahal izango dira eskaintzak. Minbiziaren mitoei eta errealidadeei buruzko berbaldi bategaz amaituko da ekimena. Erakusketea Ibarrangeluko Udalaren lbabespean egingo da.

Mari Carmen Zubieta, Karmentxu, ibarrangelutarrak ondare artistikoa itxi eban eta bere familiak ekimen kultural-solidario batean balioan jarten dau. Ekimen horregaz, minbiziaren kontrako ikerketan lagundu gura dabe eta omenaldia egiten deutse. Gaixotasuna osatzeko aurrerapen zientifikoari laguntzeko dirua lortzeaz gan, gaixotasuna daben personei gaixotasuna ulertzen eta gainditzen lagundu gura deutse.

Mari Carmen Zubietaren erakusketea, Ibarrangeluko Kultur Etxean, irailaren 5era arte egongo da ikusgai. Erakusketan Mari Carmen Zubietak bere familiari itxi eutson margolanak dagoz eta minbiziaren kontrako burrukea babesteko aukera parebakoa da hurreratzea. Erakusgai dagozan koadroak enkante publikorako dagoz erakusketeak irauten dauen bitartean. Hasierako gitxieneko balioa izango da baina kopuru horretatik aurrera, eskaintzak onartuko dira itsu-itsuan egindako enkantean. Ebazpenak, etapa bitan, koadroa eskaintzarik altuenean erosteko aukerea emongo dau, dohaintza bidez.

Lortzen dan dirua AECC-Bizkaia Bizkaiko Minbiziaren kontrako alkarteari emongo jako, minbiziari aurre egiteko ikerketak bideratu daitezan.

Mari Carmen Zubietaren familiaren ekimen solidarioaren amaierea, gaixotasun honen esperientziaren inguruan herritarrak sensibilizetea da eta horretarako, irailaren 8an, 19:00etan, Kultur Etxean, Minbiziaren mitoak eta errealidadeak: ulertu osatzeko berbaldia atondu dabe. Gaia Arkaitz Carracedo Biozientzien Ikerketa Kooperatiboko Zentroko (BioGUNE) ikertzaileak eskainiko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu