Bilboko Irria aurkeztu dabe
2021-07-08 13:01 Pil-pileanGaragarrilaren 17an, Konparsakide Eguna izango da Arenalean.
Bilboko Konparsak kolektiboak ezagutzera emon dau jentaurrean abuztuaren 26tik 29ra atonduko daben Bilboko Irria kulturaldi herrikoia. Gaur, Bilboko Arriaga plazan, erakutsi dabe ekimenaren ikurra, Bilboko barrerik politena. Jardunaldion helburua da Bilbori irribarrea berreskuratzen laguntzea, pandemiaren oinazearen eta konfinamenduetako nekearen ostean.
Bilboko Konparsek Bilbotik eta Bilborako atondutako kulturaldi herrikoia izango da Bilboko Irria, gaurko aurkezpenean adierazo dabenez; abuztuaren 26tik 29ra uribildua kulturaz eta ezustekoz beteko dau kulturaldiak, konparsakideen ekimenez. Ekimenak ikur izango dau Bilbok dauen irribarrerik politena, izan be, Nerea Matute García de Jalónek eta Arkaitz Peña Iturainek azaldu dabenez, kultur-programazino herrikoi horren helburu nagusia da Bilbori barrea berreskuratzen laguntzea, pandemiaren oinazearen eta konfinamuenduetako nekearen ostean. Konparsak alkar-jagotearen filosofian oinarritu dira eta herritarrei eskainiko deutsee bizitzea, kirola, kulturea, nortasun kolektiboa eta Bilboren zein komunidadearen aurreko konpromisoa, beti be osasun-neurri danak betez; esangura horretan, kulturea be eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi eta euskaldunari ekingo deutsee. Holan, bilbotarrak deitu ditue adi egon daitezan, Bilboko Irria kulturaldiaren ekitaldiak datozen asteotan iragarriko baititue eta horreetan izena emoteko bideen eta gorde beharreko osasun-neurrien barri emongo dabelako.
Bien bitartean, garagarrilaren 17an, Konparsakide Eguna izango da Arenalean, aurten Bilboko Irriaren aurreko topagunea eta beroketa-saioa. Datorren astean jakinarazoko dabe egitaraua, baina momentuz Bilboko Konparsa erakundeak aurreratu dau kultura eta bizitzearen aldeko kalejira herrikoia izango dala eguneko ekitaldi nagusia, eguerdiko 12:30ean Arenalean batuko dana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!