Diruz lagunduko ditue hezkuntzea eta emakumea sustatzeko 12 proiektu barri

Bizkaie! 2021-07-08 09:27   Pil-pilean

Emakumeen ahaldundutzea sustatu, genero-indarkeriaren kontra egin eta hezkuntzea hobetzea dira asmoak.

Bilboko Udalak 12 proiektu barri horreei emondako diru-laguntzak 767.774 eurokoak dira eta emakumeen ahaldundutzea sustatu, genero-indarkeriaren kontra egin eta hezkuntzea hobetzea helburu nagusi daben nazinoarteko proiektuei zuzenduta dagoz. Udalak genero eta aukera bardintasunean oinarritutako nazinoarteko lankidetzearen alde egiten jarraitzen dau eta, esangura horretan, proiektu nabarmenetako bi munduko gune ahuletan egingo dira, berbarako, Honduraseko Cortés Departamentuan eta Rwandako Huye, Rusizi, Kirehe eta Ruliendo barrutietan.

Proclade Yanapay GGKEak proiektu bati ekingo deutso Honduraseko San Pedro Sula eta Choloma landa eta uri-komunidade baztertuetan. Proiektu horren bidez, San Pedro Sulako eta Cholomako 50 emakumeren autonomia ekonomikoaren eta enplegagarritasunaren alde lan egin gura da, hori guztia genero-ikuspegia, emakumeen eskubideak eta herritartasun kritikoa oinarri hartuta. Emakume horreek zaurgarritasun-egoera larrian dagoz COVID-19aren eta 2020 zemendiko eta Iota urakanen ondorioz.

Bestalde, UNICEFek beste proiektu bat ezarriko dau Huye, Rusizi, Kirehe eta Rulindo barrutietan, Rwandan. Kasu honetan, egoera ahulean dagozan neskatoen eta nerabeen eskubideak bermatzeko. Proiektuaren helburua, hezkuntzearen, babesaren, prebentzinoaren eta nerabeentzako GIBaren tratamenduaren arloetan kalidadeko zerbitzu publikoen gaitasunak hobetzea da. Antolaketa-gaitasunak sendotuz, eskubideak bermatuz, parte hartuz eta ahalduntzearen bidez egingo da hori.

El Salvadorren emakumeen kontrako indarkeriarik bako bizitzea sustatzeko hezkuntza-uriak, Adeco Alkarteak eskatuta (69.528 euro)

Senegalen genero-indarkeriaren kontra mobilizautako emakumeak, Bakearen aldeko Lankidetza Batzarretik (70.000 euro).

Muturreko pobrezian eta bazterketa-arriskuan dagozan ikasle edade txikikoak eskolaratzea Rwandan, Lankidetzarako Injinirutza Elkartearen ekimenez (29.038 euro).

Txaden, edateko ura, saneamendua, garbitasuna eta herritarren kudeaketea hobetzea, II. fasea, Alboan Fundazinoak eskatuta (69.841 euro).

Indarkeriarik bako bizitzarako eskubidearen aldeko AliHadas emakume popularrak Kolonbian, III. Fasea, Oxfam Intermon Fundazinotik (70.000 euro).

Boliviako landa-inguruneetan hezteko eskubidea berreskuratuz, Itaka Escolapios Fundazinoaren ekimenez (70.000 euro).

Emakume indigenek euren eskubideak erabili eta umeen eta gazteen eskubideak sustatzen ditue Bolivian, Bakea eta Alkartasuna Fundazinotik (70.000 euro).

Emakume libre eta ahaldunduak Bolivian euren eskubideak darabiltez, Manos Unidas erakundeak eskatuta (70.000 euro).

Senegalen generoan oinarritutako indarkeria eta emakumeen mutilazino genitala murriztea, Munduko Medikuak erakundearen ekimenez (40.698 euro).

Suchitotoko emakume eta gazteak, ekonomia solidarioa eta elikadura-subiranotasuna bultzatzeko gaitasunak indartuz El Salvadorren, Setem Hego Haizeatik (68.667 euro).

Miloe bi, 25 proiektutan banatuta

Bilboko Udalak 2.003.000 euro batu ditu aurten nazinoarteko lankidetzarako eta alkartasunerako. Alde batetik, 660.000 euro erabili ziran Erdialdeko Amerikako Garapenerako Lankidetzako 4 proiektu diruz laguntzeko eta lau proiektutan banatu ziran Mexikon, Hondurasen, El Salvadorren eta Kolonbian. Jarduketa sektore aitagarrienak Chiapasen (Mexiko), Hondurasen eta El Salvadorren ur-hornidura eta saneamendu azpiegiturak hobetzea eta Kolonbiako nekazariei laguntzea izan ziran, Kolonbiaren kasuan bake-akordioak sinatu ondoren.

Bestalde, 576.000 euro nazinoarteko 9 proiektutarako erabili ziran, Kuban, Kolonbian, Perun, Tanzanian, Txaden edo Zimbabwuen bizi dituen momentu larrietan hobekuntzarako inbersinoak egiteko. Emakumeei laguntzea, hezkuntzarako sarbidea sustatzea eta saneamendu-obrak egitea dira helburuak. Udalaren laguntzea jaso eben planak honako honeek izan ziran:

Habana Zaharreko zentro historikoan egoera ahulean dagozan emakumeei laguntzea, KCD Kultura Communication y Desarrollo erakundeak eskatuta (70.000 euro).

Edateko ura eta saneamendua Txad ekialdeko Sudango errefuxiatuentzat, ACNUR alkarteak bideratuta (70.000 euro).

Santa Monica ikastetxearen bidez kalidadeko hezkuntzea ematea, II. fasea, Tanzanian, IQUITANZ Alkartearen ekimenez (16.129 euro).

Kolonbiako Corregimiento Bilbao-Planadaseko landa-komunidadeetan ura bidertzeko sistema bat eregitea, Colombia-Euskadi Alkarteak eskatuta (70.000 euro).

Komunidade erresilienteak sortzea, Zinbawuen edateko ura eta saneamendua eskuratzeko gaitasunak sendotuz, Coopera Alkartearen ekimenez (70.000 euro).

Emakumeak protagonista Guantanamoko uri-nekazaritza ekologikoaren mobimentuan, Euskadi-Kuba Alkartearen ekimenez (70.000 euro).

Perun giza konsumorako ur segurua eta saneamendua eskuratzea bermatzea, FIC Fundazinoaren ekimenez (70.000 euro).

Kongoko Errepublika Demokratikoan kalidadeko lehen hezkuntzarako sarbidea erraztea, genero-bardintasuna eta ikaskuntza-ingurune seguruak kontuan hartuta, Gazteak eta Garapena Alkarteak eskatuta (70.000 euro).

ACOMEDAGUA Emakumeen Kooperatiba Alkartearen enpresa-kudeaketa eta produkzinoa indartzea, II. fasea, El Salvadorren, TAU Fundazinoaren ekimenez (70.000 euro).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu