1.164 ikasle aurkeztuko dira USEren ezohiko deialdian

Bizkaie! 2021-07-06 09:02   Pil-pilean

Emoitzak webgunean argitaratuko dira garagarrilaren 13an, 12:00etatik aurrera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 1.117 ikaslek eta Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin daben beste 47k hasiko ditue gaur, garagarrilak 6, Unibersidadera Sartzeko Ebaluazinoaren (USE) ezohiko deialdiaren azterketak. Danetara, 1.164, igazkoa baino apur bat handiagoa da: 2020an
905 ikasle matrikulau ziran ezohiko USEra. Aurten, beraz, % 28 igon dau matrikuleak.

USE hiru egunetan zehar egingo da, eguenera arte, hilaren 8ra arte, UPV/EHUren hiru campusetan kokatutako bost epaimahaitan, Arabako Campuseko Elurreta eraikineko ikasgelategian; Bilboko Injinerutza Eskolan eta Gipuzkoako Campueseko Ignacio María Barriola zentroan.

Unibersidadera Sartzeko Ebaluazinoak fase bi ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide fasearen helburua da ikasleek graduko unibersidade-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketez osotuta dago: Gaztelania eta literaturea; Euskerea eta literaturea (USE ezohikoa edegiko dauen azterketea); Espainiako historia; lehenengo atzerriko hizkuntzea; eta Batxilergoko 2. mailako modalidadeko derrigorrezko gaia. Gai bakotxak 0 eta 10 bitarteko notea jasoko dau eta fase honetan gehienez 10 atara daiteke.

Batxilergoko notearen eta fase orokorreko kalifikazinoaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari jagoko eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuta probea gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gitxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen fasea borondatezkoa da eta ikasleak edozein irakasgai aukeratu leike Batxilergoko bigarren mailako enborreko aukerazko irakasgaien artean, gehienez, lau. Notea igoteko be balio leikie sarbide fasean egindako irakasgaietako batzuek.

USE azterketak berregituratzea

COVID-19aren pandemiak sortutako ezohiko egoerea dala eta, Euskal Herriko Unibersidadeak eta Hezkuntza Sailak adostu dabe 2020an ezarritako USEko gaien azterketak berregituratzeari eutsiko jakola; berregituraketea da azterketa bakotxaren hautazkotasuna handitzean, aukerea emonez nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakotxaren puntuazinoaren arabera, azterketa bakotxaren A eta B aukeretako galderak. Ereduak, orientabideak eta ebaluazino eta zuzenketa erispideak ikasturte hasieran ezarri ziran eta probarako erabilitakoak dira.

Segurtasun neurriak

Osasun eta antolakuntza neurriak jasoten dituan protokoloa be egin dabe, probetan parte hartzen daben guztiek errespetau deiezan. Beraz, parte-hartzaile bakotxak azterketea egiteko materiala eroan beharko dau eta denpora guztian eutsi beharko deutso gitxieneko segurtasun distantziari.

Maskarea etenbarik erabiltea be derrigorrezkoa izango da. Persona guztiek eskuak garbituko ditue, betibe jagokon epaimahaiko presidente edota idazkariaren jarraibideei jaramon eginez.

USEri buruzko informazino guztia hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu