Jazza eta zinemea buztartuko ditu Euskadiko Filmategiak
2021-06-28 13:31 ZinemeaV. Jazzinema zikloa, garagarrilaren 2tik 31ra, Bilbon eta Donostian.
Igaz pandemiaren erruz etena egin eta gero, bueltan da Jazzinema zikloa, Euskadiko Filmategiak antolatuta. Aurtengo edizinoko saioak Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Eder Museoan egingo ditue, zazpi emonaldi leku bakotxean. Garagarrilaren 2an izango da lehenengoa.
Filmategiko arduradunek azaldu dabenez, zinemagintzearen eta jazzaren aspaldiko hartu-emonak arakatzea da Jazzinemaren helburua, jazzaren munduan sakondu daben pelikulak proiektauta. Zehatz azalduta, hiru eratako filmak eskaintzen ditue zikloan: soinu-bandan jazza dabenak, protagonista nagusitzat jazzeko artistaren bat dabenak eta jazzaren eraginpeko narratibea dabenak.
Lehenengo aldiz, Jazzineman zinemagintza italiarreko piezak ikusi ahal izango dira: Mario Monicelliren Rufufú (1958) eta Giorgio Gasliniren soinu-bandea dauen La notte (1961). Paul Newman aktoreak be programazinoaren zati bat hartuko dau, Louis Armstrongen sasoiko musika-giroan kokatutako Paris Blues filmari esker.
Zinema baltza izango da aurtengo egitarauko beste ezaugarri bat. Jean-Pierre Melvillek genero horretako Le cercle rouge zuzendu ebanean, musikea egiteko eskatu eutsan Éric Demarsansi, eta honek jazzaren alde egin eban, istorioaren zirrikituak atrapetako estilorik egokiena zalakoan.
Ganera, idatzi bako arau bat apurtuko dau lehenengoz Jazzinemak, hau da, aurreko edizino baten emondako filmak barriro ez emotearena. Izan be, martian hildako Bertrand Tavernier omendu nahi izan dabe antolatzaileek, eta haren Round Midnight proiektauko dabe. 2017ko edizinoan be ikusi ahal izan zan.
Garagarrilaren 31ra artekoa da zikloa. Programazino zehatza ikusteko eta sarrerak erosteko, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!