Ohorezko Oscar Saria, Danny Glover, Elaine May, Liv Ullmann eta Samuel L. Jacksoni

Bizkaie! 2021-06-28 08:01   Zinemea

Euren ibilbide oparoagaitik egingo deutse omenaldia 2022ko edizinoan.

Elaine May zuzendaria | Ikusi handiago | Argazki originala

Sekula ez dabe Oscar Saririk irabazi euren ibilbide luzean, baina zinemazaleek eta adituek ez dabe bape zalantzarik, zinema garaikidearen ikono bihurtu dira euren lan oparo eta bikainari esker. Horregaitik, Ohorezko Oscar Saria emongo deutse 2022ko edizinoan Danny Glover, Elaine May, Liv Ullmann eta Samuel L. Jacksoni.

Governor's Awards izena emoten jake Amerikako Zinemearen Akademiako Ohorezko Oscarrei. 2021ean ez zituen emon, pandemiagaitik, baina hurrengo urterako barriro datoz bueltan. 2022ko urtarrilaren 15ean Los Angeles urian egingo dan ekitaldi berezian egingo deutse gorazarre lau omenduei. 

Danny Glover 1980ko hamarkadan egin zan ezagun, Mel Gibsonen alboan, Lethal Weapon sailean. Harrezkero, akzinozko zein bestelako papelen interpretazinoan ez eze, alkartasunezko proiektuei emon deutsen laguntasunagaitik nabarmendu da.

Elaine Mayk burruka latza egin behar izan dau gizonen mundu baten bere lanaren balioa aldarrikatzeko. Izan be, 1970eko hamarkadako Hollywoodeko zinemagintza barriko emakumezko zuzendari bakarrenetakoa zan eta izkutuan geratu zan sarri, goi mailako filmak egin zituan arren. Pixkanaka, zinemagintzearen industria haren figurea ezagutzen eta zabaltzen hasi da.

Liv Ullmann norvegiarra be zuzendaria da, baita aktorea be, besteak beste, Ingmar Bergmanen pelikuletan. Honen bedertzi filmetan aktore izan zanez, maisu suediarragandik ederto ikasi eban, eta pelikulak zuzentzen hasi zan gero.

Azkenik, Samuel L. Jackson omenduko dabe, lauren artean ospetsuena beharbada. Personaia ikoniko ugariren azalean sartu da, eta horrek ezagun bihurtu dau publiko zabalarentzat. Besteak beste, Quentin Tarantinoren hainbat lanetan izan da protagonista. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu