Korterraza Arabako 37 herritara helduko da
2021-06-25 11:07 ZinemeaKalean izango dira proiekzinoak, garagarriletik irailera.
Zinemea eta kulturea Arabako txoko guztietara eroateko asmoz, zazpigarrenez egingo dabe Korterraza ibiltaria aurtengo udan, Arabako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Eleycoren ekimenez. Lehenik eta behin, XII. Korterraza Gasteiz film laburren jaialdia egingo dabe garagarrilaren 7tik 11ra, eta, ondoren, uriburuan ikusitako lanik onenak herririk herri ibiliko dira.
Danetara, 46 proiekzino antolatu ditue, herrialdeko 37 herritan. Igazko 26 saioak baino gehiago dira, baina gogoan izan behar da pandemiak traba gitxiago eragingo dituala aurten, itxuraz. Saio guztiak aire zabalean izango dira, garagarriletik irailera, udako giroa aprobetxauta.
Honeek dira 2021eko Korterrazako herriak: Armiñon, Agurain, Oroko Santutegia, Manzanos, Dulantzi, Aramaio, Okondo, Pobes, Langraiz, Bergonda, Araia, Ondategi, Lanteno, Estavillo, Gatz Arana, Artziniega, Maeztu, Zurbao, Urizaharra, Ozio, Izarra, Bastida, Langarika, Etura, Berantevilla, Zuhatzu Kuartango, Burgu, Gebara, Narbaxa, Salcedo, Zabalate, Bernedo, Ribaguda, Espejo, Durruma, Erentxun eta Laudio.
Herri bakotxak lau modalidade ditu aukeratzeko, danak Gasteizko jaialdiko eskaintzan oinarrituak: Super Hautaketea (jaialdiko film onenak), Komedia (umorezko piezak), Txiki (umeentzako aproposak) eta Mix (aurreko hiruretatik pixka bat).
Gasteizen egingo dan XII. Korterraza jaialdiari jagokonez, Iradier Arena izango da aurtengo erdigunea. Sortzaileek bialdutako mila bat film laburren artean aukeratu behar izan dabe antolatzaileek egun bakotxeko programazinoa, 46 lan guztira. Sari ugari emongo ditue: epaimahaiarena, publikoarena, euskerazko onena...
Garagarrilaren 7tik 11ra egingo dabe Korterraza Gasteiz, eta, zinemaz ez eze, musikeaz be gozau ahal izango dau publikoak. A Contra Blues, Corizonas, Willis Drummond eta Freedonia taldeak dagoz kontzertuen egitarauan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!