Caostica jaialdian 51 lan lehiatuko dira

Bizkaie! 2021-06-21 11:22   Zinemea

Bagilaren 21etik 28ra egingo dabe 19. edizinoa, Bilbon.

Film laburrak, animazinoa eta bideoklipak izango dira protagonista hurrengo egunotan Bilbon, 19. Caostica jaialdiari esker. Era guztietako lanak ikusi ahal izango dira, baina, batez be, irudimena eta barritzaile izateko gogoa agindu ditue antolatzaileek. Gaur, astelehena, hasita eta hilaren 28ra arte, Bilborock, Sarean espazioa eta Bizkaia Aretoa hartuko ditu festibalak.

Sail ofizialean 51 ikus-entzunezko lehiatuko dira. Zinemagintzan ibilbide dotorea egin daben sortzaileak dagoz, besteak beste, Paul Urkijo, Zuzanna Plisz, Alberto Vázquez eta Sergine Dumais. Bideoklipei jagokenez be, maila handia espero dabe antolatzaileek, Willis Drummond, La Oreja de Van Gogh, Nena Daconte eta abar tartean dagozala ikusita.

Sari nagusiak zapatuan emongo ditue, Bilborock aretoan (19:00), Gau Bizarroa izena emon deutsen ekitaldi interaktiboaren barruan. Astelehenean, hilak 28, lan saritu guztiak ikusi ahal izango dira Abandoibarrako Bizkaia Aretoan. Azken saio horretan, Nitya Lópezen Txoriak txori film laburra estreinauko dabe.

Irabazleak aukeratzeko, goi mailako epaimahaia aukeratu dabe Caosticakoek: Josemi Beltrán, Izibene Oñederra eta Norma Vila, hirurak be ikus-entzunezkoen munduan eskarmentu handikoak. 

Barikura arte, arratsaldero egongo dira proiekzinoak Bilborocken, doban. Ganera, Caosticaren zortzi egunetan jarduera osogarri piloa dakarz egitarauak, era guztietako publikoa jaialdiaren mundu bizarro-ra erakarteko. Gaur, astelehena, Euskal Herriko eta Mexikoko emakume zinemagileen topaketea egingo dabe, Laurette Flores, Edna Campos, Sharon Ordoñez, Norma Vila eta Yunuen Cuenca konbidadu dirala.

Iratxe Fresnedak eta Koldo Almandozek Hondar ahoak telesailaren inguruko saioa gidatuko dabe bihar, martitzena. Nicolas Cage aktorearen filmografia jorratzen dauen liburuaren aurkezpena, bideoklipen masterclass-a, proiekzino musikatua eta umeentzako emonaldi berezia be badagoz egitarauan. 

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu