Aukera egitasmoko bost proiektuak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2021-06-11 08:36   Zinemea

Emakume zinemagile gazteek film laburrak egiteko laguntzinoa izango dabe.

Bilboko Azkuna Zentroan egindako agerraldia (argazkia: Zineuskadi) | Ikusi handiago | Argazki originala

(H)emen alkarteak antolatuta eta Zineuskadik, Zinebik eta Kutxa Kultur-ek lagunduta, lehenengo aldiz egin dabe Aukera programearen deialdia, 18 eta 35 urte bitarteko emakume zinemagileei zuzendua. Hautagai guztien proposamenak aztertu eta gero, bost aukeratu ditue. Film laburrak egiteko proiektuak dira.

Bilboko Azkuna Zentroan egindako agerraldian emon dabe bost proiektu aukeratuen barri. Ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Kulturea Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti, Zinebiko zuzendari Vanesa Fernandez, eta (H)emen alkarteko lehendakari Lara Izagirre.

Kontuak kontu, honeek dira Aukera programan parte hartuko daben bost proiektuak: Azkena, Ane Inés Landeta eta Lorea Lyonsena; Prioridades, Tamara Lucarini eta Ana Angulorena; Cuidado!, Olaia Nogales eta Llucía Plarena; Hemen bizi da maitasuna, Enara García eta Ainhoa Olasorena, eta Pomo D’oro, Nerea Sciarra eta Allende Grandmontagnerena.

Deialdiari erantzunez, 66 emakumek 26 proiektu aurkeztu ditue, bi eta bost lagun bitarteko taldeetan. Euskerazko zein gaztelaniazko proposamenak jaso ditue antolatzaileek, eta genero zein formatu ugaritakoak: fikzinoa, animazinoa, dokumentala zein sorkuntza dokumentala; dramea zein komedia.

Bost talde aukeratuek formakuntzara begirako hainbat tailerretan hartuko dabe parte, zinemagintzan adituak diran irakasleek gidatuta. Saiook amaituta, antolatzaileek proiektu irabazle biak aukeratuko ditue, eta horreen barri emongo dabe zemendian, Zinebi jaialdian. 3.000 euro emongo deutsez bakotxari, film laburra egin deien.

Formakuntzako saioak gaur bertan hasiko dira, gidoia lantzeko tailerragaz. Lara Izagirrek eta Ana Hormaetxeak zuzenduko dabe. Bagilaren 25etik 27ra, zuzendaritzearen inguruko ikasgaiak emongo ditue Maider Oleagak, Esti Urresolak eta Olatz Beobidek. Azkenik, produkzinoaren inguruko saioa garagarrilean izango da, Izaskun Arandiaren eta Nahikari Ipiñaren eskutik. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu