Aukeratu ditue Kimuak 2021eko katalogoa osotuko daben zortzi film laburrak
2021-06-08 08:13 ZinemeaHiru lan euskara hutsean dagoz.
Kimuak programearen 24. edizinoaren deialdira aurkeztutako 47 proposamenak aztertu eta gero, honako zortzi film honeek hautatu ditue Kimuak 2021 katalogoa osotzeko: Azaletik azalera (Mel Arranz), Berak baleki (Aitor Gametxo), Heltzear (Mikel Gurrea), Inner Outer Space (Laida Lertxundi), Resonancias (Oihartzunak) (Iñigo Aranburu), Trumoiak (Iker Maguregi), Ur azpian lore (Aitor Oñederra), eta Zerua blu (Lur Olaizola). Etxepare Euskal Institutuak atontzen dau Kimuak programea, Euskadiko Filmategia Fundazinoak kudeatzen dauena Zineuskadiren babesari esker eta, urtero bezela, euskal film laburren hautaketa hau nazinoarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bialduko da, gaurtik hasita.
Aurtengo batzordea honako kideek osotu dabe: Vanesa Fernández –ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiko zuzendaria–, Ainhoa Fernández de Arroyabe –Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea–, Víctor Lamadrid –Cantabria en Corto film labur sustapen-katalogoko arduraduna, Cantabria Film Commissioneko koordinatzailea eta Spain Film Commissioneko presidenteordea–, Alfonso López –Donostia Kulturako Zinema Unidadeko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea– eta Ana Esperanza Redondo –Donostia Zinemaldiko Dokumentazino eta Film Departamentuko eta Hautespen Batzordeko kidea–.
Kimuak 2021 katalogo barriak genero nagusiak jasoten ditu, besteak este, fikzinoa, dokumentala, animazinoa eta esperimentala. Hizkuntzei jagokenez, filmetako hiru euskara hutsean dagoz; bik euskerea beste hizkuntzaren bategaz buztartzen dabe (euskerea eta ingelesa batek; euskerea, frantsesa eta ingelesa, besteak); bat gaztelaniaz egina dago eta beste bat gaztelaniaz eta txineraz; azken batek ez dauka alkarrizketarik.
Honako honeek dira zortzi film laburren inguruko zehetasunak:
• Azaletik azalera, Mel Arranz: Animazio esperimentala, alkarrizketa barik.
• Berak baleki, Aitor Gametxo: Fikzinoa, euskeraz.
• Heltzear, Mikel Gurrea: Fikzinoa, euskeraz.
• Inner Outer Space, Laida Lertxundi: Esperimentala, euskeraz eta ingelesez.
• Resonancias (Oihartzunak), Iñigo Aranburu: Fikzinoa, gaztelaniaz.
• Trumoiak, Iker Maguregi: Fikzinoa, euskaraz.
• Ur azpian lore, Aitor Oñederra: Animazinoa, gaztelaniaz eta txineraz.
• Zerua blu, Lur Olaizola: Sormenezko dokumentala, euskeraz, frantsesez eta ingelesez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!