Zinemagile gazteak bultzatuko ditu II. Mendi Film Bizkaia-Ternua Bekeak
2021-06-07 11:27 ZinemeaMendiagaz eta natureagaz lotutako ikus-entzunezko proiektu bat babestuko dau, 10.000 eurogaz.
Mendiagaz, natureagaz eta abentureagaz lotutako zinemagintzea bultzatzeko, II. Mendi Film Bizkaia-Ternua Bekea jarri dabe martxan Bilboko Mendi Film jaialdiak eta Ternua etxeak. Batez be, egile gazteei bideratutako deialdia da, eta irailaren 13ra arteko epea dago proiektuak aurkezteko.
Bekearen deialdiaren aurkezpenean izan dira Mendi Film Festibaleko zuzendari Jabier Baraiazarra eta Ternua markearen ordezkari Alberto Iñurrategi alpinistea. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao eta bekearen lehenengo edizinoaren irabazle Tamara Lucarini be ekitaldian izan dira.
Igaz sortutako ekimenari eustea erabagi dabe bekearen bultzatzaileek. 18 eta 35 urte bitarteko zinemagileentzako deialdia da honako hau, eta euren proiektuak gauzatzeko laguntzino ederra jasoteko aukerea izango dabe. Irabazleari 10.000 euro emongo deutsez eta, ganera, adituek aholkularitzea emongo deutse gidoigintzan, zuzendaritzan, produkzinoan, muntaian eta banaketan.
35 urtetik beherakoak izateaz gan, hautagaiak ikus-entzunezkoen alorreko ikasketak egiten ibili beharko dira, eta Espainiako lurraldean izan beharko dabe bizilekua. Baldintza horreek beteten dituenek irailaren 13ra arte dabe proiektuak aurkezteko. Antolatzaileek ez ditue onartuko amaitutako lanak, sormen fasean edo hasi barri dagozanak baino ez.
Oinarriak hemen.
Irabazlea aukeratzeko, ikus-entzunezkoetan edo mendian eskarmentua daben bost laguneko epaimahaia izentauko dabe. Lara Izagirre zinemagilea, Alberto Iñurrategi alpinistea, Itziar Garcia Zubiri produktorea, Aitor Gisasola zuzendari eta irakaslea eta Jabier Baraiazarra Mendi Filmeko zuzendaria dira.
Lehenengo edizinoan saritutako Tamara Lucarini badabil bere proiektua gauzatzen, bekeari esker. Txango izeneko filma egiteko proiektua aurkeztu eban. Bilboko Pagasarri mendia igon nahi daben lau neskaren istorioa da: Maria eta Paula ahizta bilbotarrak, Bruna brasildarra eta Silvia madrildarra.
Ordu lauren inguruko film labur hori edizino eta postprodukzino fasean dago orain. 2021eko abenduan, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren aurtengo edizinoan erakutsiko dabe. Bekearen bigarren edizinoko irabazlearen lana, ostera, 2022ko jaialdirako egongo da prest.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!