UniKo Estudio Creativok sariak irabazi ditu astegoienean

Bizkaie! 2021-05-31 13:26   Zinemea

Sariok euskal etxeak egindako azken proiektuen autortzeagaz bat egiten dabe.

Animazino edukia sortzen dauen Bilboko UniKo Estudio Creativo etxeak sari bi irabazi ditu Tenerifen, Iberoamerikako Animazinoaren Quirino sarien galan. Lehiaketa hau nazinoarteko entzutetsuenetako bat da eta sariok euskal etxeak egindako azken proiektuen autortzeagaz bat egiten dabe.

Alberto Vazquezek zuzendu eta Ivan Miñambresek Autour de Minuit produkzino etxe frantziarragaz alkarlanean egindako Homeless Home film laburra saritu eben. Vázquezen film labur sendo eta osoena danak Quirino Saria jaso eban maiatzaren 29an, baita Villeurbanneko Film Court jaialdi frantseseko Animazinoko Film Labur Onenaren saria be.

Kontuak kontu, sari bi horreek proiektuak Estaduan zein nazinoartean lortutako aitamen zerrenda luzera batuko dira. Lana Annecyko Nazinoarteko Animazino Zinema Jaialdiaren Sail Ofizialean estreinau zan eta bertan Epaimahaiaren Saria irabazi dauen Estaduko lehen film laburra izan da. Ordutik, Vazquezen proiektua Annecyko epaimahaiak berak aukeratu eban Oscarretarako hautagai izateko, Goya sarietarako izentapena be lortu eban eta lehen mailako nazinoarteko jaialdietan 40 kategoria baino gehiagotan lehiatu da.

Zinemagile coruñarrak umezaroan irakurri zituan Erdi Aroko fantasietan oinarritzen da laburra. Krisi ekonomikoaren ondorioz, jaioterrira bueltetan dabizen hainbat protagonista azaltzen ditu filmak, ogroaren, orkaren eta sorginaren arteko maitasun-triangeluaren bidez.

Loop

Iberoamerikako Animazino Lanaren Jatorrizko Soinu eta Musika Diseinu Onenaren saria Joseba Beristain zinemagile eta musikariari emon deutse, Pablo Polledri zuzendari argentinarraren Loop film laburrean egindako lanagaitik, UniKok produzidutakoa. Animazinoko film labur honek zortzi minutu irauten ditu eta egunerokotasunean atrapautako gizarte batetik iges egin guran dabilen bikote baten egoerea erakusten dau.

Autortza horreek berretsi egiten dabe Bilboko enpresea aspalditik egiten dabilen lan handia. Aurten, Annecyko Zinemaldiak Alberto Vazquezen Unicorn Wars film luzea (UniKo – Abano Producóns – Autour de Minuit – Schmuby) aukeratu dau MIFA merkatuko Work In Progress sailaren lehen edizinoan parte hartzeko. Proiektu barri hau lanketa fasean dago eta Cartoon Movie eta Ventana Sur lako ekitaldi garrantzitsuetan be parte hartu dau. Baso magiko batean peluxezko hartzatxoen eta adarbakarrekoen arteko gerra bati buruzko fabula epiko-beliko moduko bat kontetan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu