Iruñean, Donostian eta Bilbon izango dira Zinetikako jarduerak

Bizkaie! 2021-05-28 09:29   Zinemea

VI. Zinetika, urriaren 22tik 31ra.

Zinetika Iruñeko (Baluarte), Donostiako (Kutxa Kultur-Tabakalera, Trueba zinemak) eta Bilboko (BilbaoArte) egoitzetan egingo da eta honezkero badakigu zelakoa dan jaialdia iragarriko dauen kartela.

Jaialdiak maiatzaren 15ean zarratu eban 2021eko Atal Ofizialean lanak inskribiduteko deialdia (Danetara, 1.160 film jaso dira) eta epaimahaiaren erabagia datorren irailean jakinarazoko dabe.

Zinetika jantzearen eta ikus-entzunezko arteen, gorputzaren eta teknologiaren arteko hartu-emonak aztertzen dituan diziplina anitzeko jaialdia da; alkarren artean sortzen da, arte-esperientzien bila. Zinetika kultura-esperientzien plataforma bilakatzen da, hainbat arte-arlotako eta hainbat jatorritako erakundek eta sortzailek konpartiduta, lekuan lekukoak zein nazinoartekoak izan.

Horrezaz gan, joan dan zezeilean jantza garaikidearen eta mobimentu-arteen inguruko jaialdien eta egoitza-espazioen 2. topaketea egin eben La Faktoria Choreographic Center-en (Noain, Nafarroa); Zinetika Jaialdiak atonduta, Labo XL-gaz lankidetzan, topaketeak jantzeagaz loturea daben ekitaldietako arazoak jorratu zituen eta lana ahalik eta egoerarik onenetan gauzatzeko ezarri daitekezan ekintzak azaldu ziran. Jantzagunea, Baratza Aretoa, Pasaiako Jantza Festibala, Ribera en Danza, Bad Bilbao, Danzad Danzad Malditos eta La Faktoriak parte hartu eben.

Zinetika nazinoarteko hitzordua da, bideo-jantzako film laburretan, performance, lantegietan eta masterclassetan oinarritutako programazinoagaz. Plataforma horretan, hainbat esparru artistikotako eta jatorritako sortzaileek esperientzia kultural aberasgarriak konpartiduten ditue.

The Room

Ohorezko Aitamena jaso dau London International Monthly Film jaialdian eta sail ofizialean aukeratu dabe Dansa. Quincena Metropolitana, Choreoscope - Barcelona Dance Film Festivalean eta Dance Camera North-en Minneapolisen.

Zinetika Jaialdiak produziduta, The Room (SP, 2020) Laida Aldazek zuzendu eta koreografiautako film laburra da, espazio zarratuetan sortzeari buruz ikertzen dauena. Bideo-jantzako film esperimentala da, 2020ko abendua eta urtarrila bitartean filmautakoa. Plano bakarrekoa da, eguneroko errutinatik urtetako ezintasunari buruz hausnartzen dauena. Eguneroko errutinea, gorputzerako maiera bako ohitura lez isolatzekoa eta espazioa arimearentzat bihurtzen da sartzeko edo urtetako ate, izan be, ate zarratu bat dauen gela bat baino ez dabe behar Laidak eta Giuseppe Di Franciscak (film honen editore eta kameraria) filmaren bereizgarri dan iruditeria sortzeko. Joaquín Breton zuzendari-laguntzailea da, Cruz Isael Mata koreografia-laguntzailea da eta musika Luisillo Kalandrakaren lana da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu