'La nave del olvido', Zinegoak 2021eko irabazle

Bizkaie! 2021-03-15 07:57   Zinemea

Palmaresean mezu positibo eta itxaropentsuak nagusi izan dira aurten.

Amaitu da Zinegoak jaialdiaren 2021eko edizinoa, ikusleak eta antolatzaileak gustura itxita amaitu be. Izan be, pandemiaren eraginez, aldaketa batzuk egin behar izan ditue, baina presentzialtasunari eutsita, eta apustua ona izan da. Palmaresean, emakumeek zuzendutako filmak izan dira nagusi. Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariaren arabera, film saritu gehienetan mezu positiboa, baikorra eta itxaropentsua dago.

2021eko Sari Nagusia Txiletik heldutako pelikula batek irabazi dau, Nicol Ruiz Benavidesek zuzendutako La nave del olvido-k. Fikzinoaren ataleko FIK saria be eskuratu dau. Epaimahaiaren arabera, gaitasun handiz aldarrikatzen dau persona nagusiek daben maitatzeko eskubidea; begirada berezia lantzen dauelako eta protagonisteak interpretazino-indar handia dauelako.

FIK atalean aitamen berezia emon deutso epaimahaiak Suk suk filmari. Hong Kongeko Ray Yeungek zuzendutako lan horren sentiberatasuna nabarmendu dabe antolatzaileek. Dokumentalen DOK atalean, saria Lia Hietalak eta Hannah Reinikainenek zuzendutako Alltid Amber pelikuleari emon deutse, nerabeen identidade arazoetan beharrezkoa dan erretratua egiteagaitik. Atal horretako aitamen berezia Bruno Santamariaren Cosas que no hacemos lanarentzat izan da.

Narratiba barriak eta esperimentazinoa batzen dituan KRAK sailean, azkenik, Tamar Xavgulidzeren Comets film georgiarra izan da onena. Epaimahaiaren ustez, saileko filmik interesgarriena eta arriskutsuena da, gaiaren zein formearen aldetik. Film txiki eta zintzoa da, edadeko emakume biren arteko maitasunari eta alkartzeari buruzkoa. Ez da ohikoa halako istorioak zineman topetea

Sail nagusietakoez aparte, baina, sari gehiago be egon dira, babesle eta atal jakinei lotuak. Lesbianismo eta Genero epaimahaiak dokumental bat saritu dau, La fabrique du consentement: regards lesbo-queer. Aitamen berezia, ostera, Deine schöne gestalt-entzat izan da.

Aniztasun eta Giza Eskubideen Saria, Bizkaiko Foru Aldundiak babestua, Patricia Vidal Delgadok irabazi dau, La leyenda negra pelikuleagaitik. Euskal Aktoreen Batasunak izentautako epaimahaiak Lena Urzendowsky saritu dau, Kokon filmean egindako interpretazinoagaitik. 

Publikoaren Saria, bestetik, film labur bati emon deutse. Patri Cruz zuzendariaren La amante izan da ikusleen gustukoena. Senior eta Gazte epaimahaiek Manuel Marmierren Les saints de kiko saritu dabe. Ganera, Gazte epaimahaiak Lo efímero-ri aitamen berezia egin deutso. 

Palmareseko beste protagonista bat Cecilia Montagut izan da. Zuzendari argentinarrak Cárceles bolleras dokumentala aurkeztu dau aurtengo edizinoan, baina, ganera, ZG Pro saria lehenengoze mon dabe aurten, eta Montagutek berak irabazi dau. Bidean dagozan proiektuak saritzen dituan atal barri horretara Las chicas del polígono lana aurkeztu dau argentinarrak. 

Sarituen barri emoteaz gan, Pau Guillenek 2021eko Zinegoaken balorazinoa egin dau: Aurrez aurreko proiekzinoei eutsi deutsegu, eta ikusleen erantzuna bikaina izan da, areto asko goraino bete dira. Bilbora hurreratu ezin izan dabenentzat, Filmin plataformearen  bidezko jaialdi digitala antolatu dabe aurten, eta esperientzia hori be positibotzat jo dau Guillenek. Hurrengo edizinoetan bide digitalean sakontzea ez dau baztertu, baina presentzialtasunak beti izango dau lehentasuna.

Ganera, Guillenek gogora ekarri dau, Zinegoak amaitu dan arren, jarraipena izango dauela herririk herri, Hedapena programeari esker. Hurrengo asteetan, Zinegoaken ikusitako film nabarmenak proiektauko ditue hainbat herritan, zinemea eta aniztasuna herririk txikienera be eroateko asmoz. Aurtengo egitarauan 50 bat lekutara joango da Hedapenak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu