Luis Buñuelen inguruko liburua plazaratu dau Euskadiko Filmategiak
2021-02-02 13:21 ZinemeaAragoiko zuzendariaren ganeko 18 artikulu dakarz.
Euskadiko Filmategiak, Donostia Kultura erakundeagaz alkarlanean, Luis Buñuel zinema-zuzendari espainiarraren inguruko liburua argitaratu dau, haren ibilbidea hainbat ikuspegitatik jorratzeko eta aditu zein zaleen interesa biztuteko asmoz. Filmategiak martxan dauen Nosferatu zikloko protagonistea izan da Buñuel, eta hori da liburuaren jatorria.
Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek eta Jesús Angulo kritikariak koordinau ditue liburuko edukiak. 300 orrialdeko argitalpenean, Buñuelen ibilbidea eta obrak ondo ezagutzen dituen adituek 18 artikulu idatzi ditue, bakotxak ikuspegi bati helduta. Arantxa Agirre, Luis Alegre, Nancy Berthier, Agustín Sánchez Vidal eta Santos Zunzunegi dagoz liburuan parte hartu dabenen artean.
Hiru zatitan banatu dabe liburua. Lehenengoa, Buñuel cronológico izenburupean, zuzendariaren ibilbidearen errepaso sakona da, gaztetako formakuntzatik hasi eta Frantzian egin zituan maisulanetaraino. Bigarrena, Buñuel transversal dalakoa, gai zehatz batzuetan sartzen da: melodramak, emakumeek Buñuelen zinemagintzan euki eben protagonismoa eta agertokien erabilerea.
Hirugarren atala, Testimonios sobre Buñuel, lekukotzen bilduma bat da. Carlos Boyerok 1969an Buñuel ezagutu ebanekoa kontetan dau, Joxean Fernandezek alkarrizketea egin deutso Angela Molina aktoreari eta Jordi Xifrak be artikulu bat idatzi dau. Liburua biribiltzen dau Carlos Losillak atondutako bibliografiak.
Gaztelaniaz plazaratu dabe Luis Buñuelen inguruko liburu hau, baina Euskadiko Filmategia euskerazko beste bat be atontzen dabil. Harkaitz Cano idazlea arduratuko da leuskerrazko bersinoaz, ariketa libre eta jostarian. Ohiko ikerketa lana idatzi beharrean, Buñuelen mundu surrealistan sartzeko ahalegina egingo dau Canok, haren pelikuletako eszenetatik eta memoria-liburuetatik abiatuta. Buñuelek Donostiagaz eukan loturearen inguruko espekulazinoak be egingo ditu Canok.
Luis Buñuel (Calanda, 1900-Mexiko, 1983) Espainiako zinemagintzearen historiako zuzendari handienetako bat da, barritzailea eta apurtzailea. Zentsureagaz kantsauta, Espainiatik alde egin, eta Mexikon eta Frantzian egin eban bere ibilbidearen zati nabarmen bat. Surrealismoan nabarmendu zan.
Buñuelen lan ezagunenen artean dagoz Un chien andalou, kronika sozial latza dakarren Las Hurdes eta Espainiako zinemagintzako maisulan handien artean dagoan Viridiana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!