Euskal emakume zinemagileei laguntzeko, martxan da III. Noka Mentoring

Bizkaie! 2021-01-13 10:27   Zinemea

2021ean aukeratutako hiru proiektuek finantziazinoa eta adituen aholkuak jasoko ditue.

III. Noka Mentoringen aurkezpena (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Donostiako Tabakalerak hirugarren aldiz jarri dabe martxan Noka Mentoring, euskal emakume sortzaileek zinemagintzearen sektorean daben presentzia indartu eta euren proiektuak gauzatzen laguntzeko ekimena. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako zuzendariek hartu leikie parte deialdi honetan.

Hautagaien artetik hiru aukeratuko ditue Noka Mentoringen edizino honetarako. Proiektu bakotxari denporea, espazioa, testuingurua eta laguntzino profesionala emongo deutse lehenengo fasean, sortzen dabizan film luzeak baldintza hobeetan egin deiezen. 4.000 euro be izango ditu hiru aukeratuetako bakotxak. Ganera, zinemagintzearen alorreko beste babes-programa batzuetan be parte hartzeko erraztasunak emongo deutsez, bai bertoko erakundeenak, baita nazinoarteko foroetakoak be.

Zinemagileei laguntzino personalizaduagoa emoteko, esperientzia handiko hiru tutore edo mentore ibiliko dira Noka Mentoringen. Igazko berberak izango dira, Elena López Riera, Mar Coll eta Celia Rico.

Mentoreen lana alderdi nagusi bitan banatuko da: film bat sortzeko prozesura sormenez hurreratzea; eta proiektuok zinemagintzearen merkaduan txertatzeko eta trebatzeko beharrezkoak diran moduluak jorratzea.

Interesa daben zinemagileek zezeilaren 19ra arte bialdu leikiez euren hautagaitzak, fikzinozko zein ez-fikzinozko film luze bat egiteko asmoa badabe, eta Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroako Foru Erkidegoan bizi badira. III. Noka Mentoringen parte hartuko daben hiru proiektuak aukeratzeaz arduratuko dira Maialen Beloki (Donostiako Zinemaldia), Carlos Muguiro (Elias Querejeta Zinema Eskolea) eta Lur Olaizola (Tabakalera). Ebatzia martiaren 12an jakin eragingo dabe.

Aukeratutako proiektuak prest egon beharko dira Donostiako Zinemaldiko Ikusmira Berriak sailean izena emoteko epea zabaltzen danerako, garagarrilaren 1etik abuztuaren 31ra. Izan be, Noka Mentoringen helburuetako bat da lagundutako film luzeak Zinemaldiko atal horretan baldintza onetan aurkeztea. Hain zuzen be, 2020ko deialdiko egitasmo bat, Marina Palacioren Y así seguirán las cosas, Ikusmira Berriak saileko azken hautaketan sartu zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu