Badator 'XIII. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia'

Bizkaie! 2020-11-23 13:06   Zinemea

Sarrerak zemendiaren 23an, eguerdiko 12:00etatik aurrera eskuragarri dagoz hemen.

Edizino berezia izango da, pandemiak baldintzatutako urtean eta egoeran. Horreri erantzuteko, eta indarrean dagozan arau eta gomendio guztiak beteaz, bitarako zinemaldia izango da aurtengoa: batetik, Bilbon bertan, aurrez aurreko proiekzinoakaz; bestetik, Bilbora etorri ezin dabenentzat, online eskaintzeagaz.

Gaur, Bilboko Sala BBK-n egin dan ekitaldian, babesle nagusiek eta Mendi Filmeko ordezkariek 13. edizinoa aurkeztu dabe, abenduaren 4tik 13ra izango dana. Aurkezpen-hitzorduan ondorengoak egon dira: Eduardo Martínez, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Lehendakaria; Lorea Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Euskera, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputadua; Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura Zuzendaria; Andoni Iturbe, Kultura Sailburuordea; Gorka Martínez, BBK Banku Fundazinoko Zuzendari Nagusia eta Jabier Baraiazarra, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Zuzendaria.

Bilbon, bertatik bertara, publikoagaz eta uriko hiru aretotan zabalduta egingo da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia: Euskalduna Jauregia, Golem zinemak eta Sala BBK.

  • Euskalduna egoitza lez sendotu egin da, aurreko edizinoakaz alderatuta: 10 egunez, saio bana eskainiko da bertan (19:00etan hasita).

  • Azkuna Zentroko Golem Zinemetan, igazko saio-kopurua ia bikoiztu egingo da, eskaintzea 13 saiotik 22ra. Zapatu-domeketan, hiruna saio egingo dira eguneko, eta, astean zehar, bina.

  • Sala BBK-n izango dabe eraginik handiena murrizketek, baina guztira 9 saio eskainiko dira -igaz 26 izan ziran-, abenduaren 5etik 13ra: egunero, bana. Bilboko bihotzean, aurreko edizinoetako oinarriko kanpalekua izan dana, aurten be, erreferente izango da.

Danetara, 41 saio programau dira 13. edizinorako, igaz baino bat gehiago. Aforo-murrizketak kontuan hartu dira, aldaketa guztiok egiterakoan. Sarrerak, gaur, zemendiaren 23an, eguerdiko 12:00etatik aurrera eskuragarri dagoz, Euskalduna, Golem eta Sala BBK online salmenta-plataformen bidez. Pandemia-garaian, esfortzu berezia egin da sarreren salneurriak mantenduaz edo merketuaz, aurreko edizinoakaz alderatuta.


Online

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Sail Ofizialeko film guztiak online ikusi ahal izango dira aurten: eskaintza hau zabaltzen dan lehenengo aldia da, aurrera begira jarraipena izan daian. Vimeo sare sozialak eskaintzen dauan plataformako on demand edo alokairu-formulea erabilita, Sail Ofizialeko 54 filmen pack osoa, gaitegien araberako film-moltsoak, edo filmak eurak banaka erosi ahal izango dira.

Filmei buruzko eduki gehigarriak be eskainiko dira: sinopsi eta trailerrak, kartelak, zuzendarien aurkezpenak... baita Mendi Filmek sortutako azpitituluak (euskeraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez) be. Eta, horrezaz gan, festibaleko beste hainbat eduki be online eskainiko dira, Mendi Film-en sare sozialen eta MendiTV kanalaren bidez, besteak beste, zinemaldiko berbaldiak, mahai inguruak, liburu-aurkezpenak, sari-banaketea…

Mendi Film zaleei egokitutako eskaintzea da, aldi berean, ikusle barriak piztea be bilatzen dauana. Geolokalizautako eskaintzea da, Espainiara mugatua, online jarraipenak zinemagintzeari sostengoa emon daion; egileen eskubideak zaintzea, halako ekoizpenak bermatzea, babesleak erakartea, mendi festibaletan aurkeztea eta antzeko ekitaldiak bideragarri egitea be oinarrizko jomugak dira. Mendia, abenturea, muturreko kirolak eta natura-gaien inguruko zinemagintzeak inspirazinoa eta haize barriztuak dakarz, nahieran disfrutetako.


Sail ofiziala

Mendia, abenturea, muturreko kirolak eta natura-gaiak jorratzen dituen 57 film ikusi ahal izango dira aurtengo edizinoan.

  • 54 film Sail Ofizialean.

  • 3 film Zabalandi lehiaz kanpoko atalean.

Danetara, 175 film aurkeztu dira aurten, 36 herrialde ordezkatuz: inoz izan dan kopururik handiena. Hautaketa-lanetik sortu da Sail Ofizialeko zerrendea. IKUS filmak, sinopsiak eta trailerrak Sail Ofizialerako hautatuak izan diran 54 filmek, ganera, 18 herrialdetako jatorria daukie.

Hainbat mailatako estreinaldiak egingo dira Bilboko agerlekuetan, Mendifilm-en erakusleiho aparta baliatuaz:

  • Nazinoarteko 7 estreinaldi.

  • Europa mailako estreinaldi 1.

  • Espainia-mailako 44 estreinaldi.

  • Euskadi-mailako 2 estreinaldi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu