'Bilbao Bonuak' sektore kaltetuenen alde
2020-11-13 12:06 Pil-pileanBilbao Aurrera planeko neurrien artean dago hau be.
Helburua da bonuen bidez Covid-19ak gehien kaltetu dituan 4 sektoreei laguntzinoa emotea: merkataritzeari, kultureari, ostalaritzeari eta turismoari. Barrikuntzen artean, herritarrei parte hartu eragitea dago, besteak beste, hurreko establezimenduetan konsumitzeko, hau da, geure auzoatan. Juan Mari Aburto alkatearen arabera, uri batek abian jartzen daben bonu-eskaintza handiena eta osotuena da, eta, Bilboko Udalarentzat, lehenengo aldia da holako ekimen bat abian ipinten dauana. Gitxi gorabehera, 185.000 bonu banatuko dira 4 sektoretan, eta 9 milioa euroko negozio-eragina izango dabe. Ganera, bonu bakotxaren % 50 udalak jarriko dau, lelo honen pean: Programa erreza eta erakargarria, bai erosleentzat, bai establezimenduentzat.
Planaren inbersinoa, danatara, 3 milioa eurokoa da: 2,6, Bilbao Bonuetarako; 400.000, erakunde arteko kanpainarako. Planaren aurkezpenean, Aburtoz gan, Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko Saileko zinegotzia eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia egon dira. Bilbao Aurrera planeko neurririk handienetako bat da hau, shock-programa bat, Udalean ordezkaritzea daukien talde politiko guztiakaz adostua eta sektoreakaz eurakaz landua; sektoreen ordezkariak be, aurkezpen-ekitaldian izan dira.
Nahitaezko helburua da, Juan Mari Aburtoren esanetan, ekonomiari eragitea, ahalik eta arinen eta modu iraunkorrean, zuzen-zuzen heldu daiten kolektibo profesional horreetara, baina herritarren parte-hartzea eraginez, hau da, bonuak eskuratuaz eta barrutietako establezimenduetan zein bertoko establezimenduetan erosiaz eta konsumituaz. Programa berezia da, egungo egoerearen neurrira egina, eta erakargarria izan gura dau, bai establezimenduentzat, baita erosleentzat be.
Programearen faseak
COVID-19aren egungo eboluzinoa dala-ta, kanpaineak ondorengo etapak izango ditu:
- Lehenengo fasea: Merkataritza bonuakaz (48.727 bonu) eta Kultura bonuakaz (34.261 bonu).
- Bigarren fasea: Ostalaritzea/Jatetxeak (91.364 bonu).
- Hirugarren fasea: Turismoa (10.507 bonu).
4 sektore horreetan, kanpaineak 2021eko martiaren 31ra arte iraungo dau. Era berean, establezimenduek zemendiaren 12tik egin leikie bat kanpaineagazeta programeak irauten daben artean; herritarrak, barriz, hilaren 18tik hasi ahalko dira bonuak erosten, martiaren 31ra arte. Bonuak trukatzeko azken eguna jorrailearen 4a izango da.
Barrikuntza nagusiak
Nobedadeen artean, hurranez hurran, zuzenean eragiteko kanpaina bat atondu da, herritarren esku-hartzea sustatzeko. Horretarako, Merkataritza eta Ostalaritza kategorietako bonuak barruti bakotxean banatuko dira, establezimendu kopuruaren arabera. Beste barrikuntza bat da Udalak bonu bakotxaren erdia ordainduko deutsela erosleei; bonu horreek, ganera, beste administrazino batzuenakaz bateragarriak izango dira eta pilatu be agin ahal izango dira. Plataforma digital bat be sortu da, egungo egoerara egokitua, establezimenduek bat egiteko eta herritarrek bonuak erosteko: www.bonobilbao.eus
Bonuak zelan eskuratu
Bonuak adin nagusiko edozein pertsonak erosi ahalko dau, Bilbon bizi diranek nahiz kanpotik bisitan etorritakoek; NAN edo AIZ erakutsi beharko dabe erosketea egitean, 2021eko martiaren 31ra arte. Bide digitaletik be eskura daitekez (www.bonobilbao.eus plataformearen bidez) edo Kutxabank-en sarrerak saltzeko eta jasoteko kutxazainetan. Behin bonua erosita, kanpaineagaz bat egindako establezimenduetan trukatu beharko dira, paper-formatuan nahiz passbook lez (mobikorragaz). Merkataritzako eta ostalaritzako bonuetan, txartela erosteko unean, bonua zein barrutitan konsumidu gura dan aukeratu beharko da, eta barruti horretan baino ezingo da trukatu gero. NAN bakotxagaz gehienez eskuratu ahal izango dan bonu-kopurua 20koa izango da, eta erosketa-ticket bakotxeko gehienezko bonu-kopurua, aldiz, 4koa. Era berean, erosketa-ticketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa bestekoa edo handiagoa izan beharko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!