Bilboko konparsak kolektiboak ez dau Santo Tomasen ekitaldirik egingo

Bizkaie! 2020-10-26 08:36   Pil-pilean

Konparsek beti egiten dabe Santo Tomas egunean, bertoko produkzinoa zein elikadura-eredu burujaube baten alde.

Datorren abenduaren 21ean, konparsak ez dira San Tomasen izango, Bizkaiko baserritarren egun nagusian eta ez dabe bertan suete eta kultur-programazinorik atonduko, gaur egungo osasun-egoereagaitik. Halan da be, Bilboko Konparsen Federazinoak lehen sektorea eta elikadura-burujaubetza babesteko deialdia egin dau, jai herrikoiak, herri-kulturea eta zerbitzu publikoak defendiduteagaz batera.

Urtero-urtero konparsek euren ahalegina egiten dabe Santo Tomas egunean, bertoko produkzinoa zein elikadura-eredu burujaube baten alde. Helburu horri eutsiz, San Nikolas eleizako ingurua dinamizau dabe urteotan, umeentzako saioak, bertsoak, txalapartea, erromeria, kantu-kalejirea eta bertoko jana eta edana eskainita.

Aurten, barriz, Covid-19 gatxa sano ugaldu da eta ezin dira bermatu nekazaritzearen jai handian konparsek egiten daben programazinoa eta ospakizunak egitea. Beraz, gaur egungo osasun-egoerea dala eta konparsek erabagi dabe jarduerarik ez atontzea abenduaren 21ean, prenbentzinoa eta alkar-jagoletza printzipioak oinarri hartuta.

Bilboko Konparsak kolektiboak abuztuan iragarri eban Santo Tomas eta Aratusteak ez dirala erronka errazak izango, Covid-19a berton segiduko dauelako, ezusteko zoriontsuren ezean. Orduan egin eben legez, deialdia egin dabe jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak babestu daiguzan, baita zerbitzu publikoak be, osasun-krisiagaz batera etorri dan krisi ekonomikoa betikook pagau ez daigun. Mezu horreei gaineratu deutse lehen sektorea eta elikadura-burujaubetzea babesteko gaur egindako deia, izan be, azaldu dabenez, bertoko produktore txikien elikagaiak konsumiduteak aparteko garrantzia izango dau ingurumena eta gure inguruko herrietako bizitza sozio-ekonomikoa eta linguistikoa babesteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu