Getxophoto gozetako azken egunak
2020-09-23 09:53 ZinemeaIrailaren 27an, domekan, amaituko da GetxoPhoto Nazinoarteko Irudi Jaialdia.
Erakusketa, online programea eta Kalera! lemapeko edizinoko jarduerez gozetako azken astea da hau.
Jon Uriarte gipuzkoarrak lehen aldiz hartu du beregan Jaialdiaren zuzendaritza artistikoa, espazio publikoa, fisikoa zein digitalari buruzko proposamenari eutsiz, topaketarako, hausnarketa kolektiborako zein protestarako lekutzat hartuta.
Hau izan da edizinorik kalekoena (gehienbat espazio publikoan egin diran esku-hartze eta erakusketei esker) eta, aldi berean, digitalena (sarerako berariazko programa bat tarteko: arte digitala, app-ak, podcastak, Instagrameko iragazkiak edo playlistak).
Azken aste honetan, jenteak erakusketak bisitau ahal izango ditu Getxoko eguneroko espazioetan, besteak beste, merkatuan, posta zerbitzuaren eraikinean, Zabala eskolan, edota Ereagako hondartzan eta Portu Zaharrean; era berean, webgunean eskuragarri dago oraindino online programea eta azken jardueretan parte hartzeko aukerea be badago, berbarako, Edontzi-azpikoen Ibilbidean edo Irudi Ezkutatuan.
Aurtengo GetxoPhoto orain arteko ezohikoena izan da, danok dakiguzan arroazoiak dirala-eta, baina aldi berean edizino oso pozgarria izan da, Jaialdiak babes handia jaso dau ikusleen aldetik, erakusketak ikusteko bisita kopurua oso handia izan da eta jarduera guztiak bete egin dira. Azkenik, espazio publikoari buruzko hain premiazkoa dan eztabaideari ekarpena egiten ahalegindu da GGetxophoto.
Aurten, 4 aste, 18 erakusketa, 13 herrialdetako 21 artista eta 25 jarduera izan dira.
GetxoPhoto
Begihandi Kultur Alkarteak atondu eta bultzatuta, GetxoPhoto Nazinoarteko Irudi Jaialdia urtero egiten da Getxon (Euskal Herria) orain 13 urtetik. Helburu nagusiak dira: herritarroi eragiten deuskuezan gaurkotasuneko eta interes orokorreko gaiei buruzko alkarrizketea proponidutea, uri-espazioak kulturearen arloko erabileretarako berreskuratzea eta formatu, euskarri eta erakusketa espazio ez konbentzionalak programazino zorrotz bategaz esploretearen aldeko apustua egitea.
Azken 13 urteetan, 250 artista entzutetsu baino gehiagok esku hartu dau Jaialdian, besteak beste: Martin Parr, Nadav Kander, Naomi Harris, Phil Toledano, Marcos López, Ricardo Cases, Wang Qinsong, Alessandra Sanguinetti, Roger Ballen, Cristina de Middel, Vincent Fournier, Boushra Almutawakei, Pieter Hugo, Jacques-Henri Lartigue, Paul Fusco, Zanele Muholi, Simon Norfolk, Erik Kessels edo Juno Calypso.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!