Aste Nahasia egingo dabe Bilboko Konparsak-ekoek

Bizkaie! 2020-07-20 10:04   Pil-pilean

Konparsek dei egin dabe zerbitzu publikoak eta jai eta kultur herrikoiak defendiduteko.

Bilboko Konparsak kolektiboak ez dau aurten Aste Nagusia ospatuko baina jentaurrean azaldu dabenez, abuztuaren 22tik aurrera izango da pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entreteniduteko eta kulturea eskaintzeko bitartekoa. Aste Nahasia lemapean, ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xumea atondu dabe, Bilbok Aste Nagusiaren ohiko egunetan biziko dauen kontrastez betetako egoerea laburbatzeko. Lehenengo ekimena kartel-lehiaketea izango da.

Egunotan zan ospatzekoa Konparsakide Eguna, Aste Nagusirako motor beroketeari hasierea emoten deutson konparsen arteko ospakizuna, Ainhoa Riveiro eta Iñigo Iglesias Bilboko Konparsetako bozeroaileek azaldu dabenez. Baina osasun egoereak eta bizi dogun errealidadeak, ostera, bestelako ekitaldi batzuk antolatzea ekarri dau eta, esangura horretan, Jaiak bultzatzen! lelopean, jai herrikoien aldeko manifestazinoa egin dabe.

Aurreko egun eta asteotan azaldu dabenez, konparsek berretsi dabe dagoeneko datozen hile eta urteei begira dagozala, izan be, bildur gara aurreko krisietan legez erakundeek oraingo normaltasun barria eta krisi ekonomikoa ez ete dituen erabiliko jai herrikoiei trabak ipinteko: murrizketak, trabak eta debekuak, eredu parte-hartzailearen kontra joteko eta arlo horren pribatizazinoa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta bestelakoetan jazo dan legez. Horregaitik, egoerea salatu eta herri mobimentuaren alde agertuko dira, Euskal Herriko jai-eragileak alkarlanera deituta, normalidade barrian eredu parte-hartzailea jagon eta defendiduteko.


Aste Nahasia

Aurtengo jai-urtea ez dabe galdutzat jo. Konparsek baieztatu dabenez, aurten ez da izango Aste Nagusia, baina abuztuaren 22tik aurrera izango da pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entreteniduteko eta kulturea eskaintzeko bitartekoa. Alkar jagotea ardatz, osasun-neurri eta prebentzino erispide guztiak aintzat hartuta, modu herrikoian, feministan, euskaldunean, ekologistan eta ahal dan parte-hartzaileenean'. Ekimen horri, Aste Nahasia izena ipini deutse. Izen horren atzean, gaur eguneko kontrasteak irudikatu ditue, konparsek: tristezia, alaitasuna, kolektibotasuna, Mari Jaiaren faltea, shock-egoerea eta zerbitzu publikoak eta jai eta kultur herrikoiak defendiduteko deia: Aste Nahasia, urte tristea dalako, galdu ditugun senide, lagun, lankide eta auzokideakaitik, zein lana berreskuratu ez dabenakaitik... Aste Nahasia, egoera horretan inoiz baino gehiago behar ditugun alaitasuna eta irribarrea topetako... Aste Nahasia, danok barriro batuko gaituan ekimen koloretsu eta kolektiboa behar dalako, distantzia fisikoak gorde arren... Aste Nahasia, uda arraroa dalako, maskarak arpegi erdia estalita ikusten baititugu kuadrillakoak... Aste Nahasia, begiak tapau barik izan arren ez dogulako ikusiko Mari Jaia balkoira urtetan... Aste Nahasia, jai zoroa dan Aste Nagusiari urteen poderioz ordena apurrak eta ohitura batzuk antzematea lortu dogunean, barriro be sano aldatu dalako aurten, begi-bistatik desagertzeraino... Aste Nahasia, oraindino shock egoeran eta nahastauta gagozan arren, belarriak erne eta begiak zabalik izan behar ditugulako, zerbitzu publikoak eta jai eta kultur herrikoiak defendiduteko.

Azaldu dabenez, joan dan urritik ehunka konparsakide ibili dira ohiko Aste Nagusia atontzen, baina Covid-19ko izurriteak dana hankaz gora jarri eutsen. Holan, igazko 566 ekitaldiak behin eta barriro aztertu eta moldatu ditue osasun-neurriei, Bilboko Konparsakaz alkarlanean dabizan dozenaka eragileakaz batera. Gainera, beste ekimen batzuk sortu arren, danak galbahetik hainbat bider pasau ostean gehienak ezin izango ditue egin aurten. Halan da be, datozen asteotan ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xume bat plazaratuko dabe.


Kartel-lehiaketea

Aitatu Aste Nahasiaren lehenengo ekimena azaldu dabe: Aste Nahasia bera iragarteko kartela lehiaketa baten bidez aukeratuko dabe eta izen-emoteari hasierea emon deutse. Kartelak honako testua izan beharko dau derrigorrez: BILBO 2020. ASTE NAHASIA. Abuztuaren 22tik aurrera. Lanak aurkezteko epea garagarrilaren 30eko 15:00ak arte izango da, posta elektronikoz, honako helbidera: astenahasiakartela@bilbokokonpartsak.eus.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu