Pello Leiñena izango da Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboaren zuzendari barria

Bizkaie! 2020-06-25 13:28   Musikea

Jon Bagüesek erretiroa hartzeko itxi dau kargua.

Jon Bagües eta Pello Leiñena | Ikusi handiago | Argazki originala

Pello Leiñena donostiarra izango da datorren garagarrilaren 1etik aurrera Eresbil-Musikearen Euskal Artxiboko zuzendari barria, Jon Bagüesen ordez. Izendapen hori Eresbileko patronatua osotzen daben lau erakundeek (Eusko Jaurlaritzea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala eta Andra Mari Abesbatza) parte hartu daben hautaketa-prozesuaren ondoren egin da. Bagüesek zuzendari postua itxi eta erretiroa hartuko dau, erakunde horren buru 20 urtean egon ondoren, 2000. urtean Jose Luis Ansorena Eresbileko fundatzailearen lekukoa hartu ebanetik.

Pello Leiñena Eresbileko zuzendari barriaren aurkezpena gaur goizean egin dabe Errenteriako egoitzan; ekitaldian izan dira, Leiñena bera eta Jon Bagüesegaz batera, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Andoni Sierra, Andra Mari Abesbatzearen izenean. Bertaratutako guztiek goraipatu egin dabe Bagüesek Eresbilen egindako lana eta suberterik onena opa izan deutse Leiñenari zeregin barrian.


Leiñena, 29 urtez Eresbilen

Pello Leiñena (Donostia, 1965) Eresbileko zuzendari barria 1991tik da Eresbil musika artxiboko teknikaria eta, beraz, ondo baino hobeto ezagutzen dau orain zuzenduko dauen etxea. Musika ikasketak San Ignacio abesbatzagaz eta Donostiako Orfeoiagaz buztartu zituan Leiñenak eta Oviedoko Unibersidadean Musikologian lizentziau zan. Eresbileko teknikari legez, hainbat erakunde profesionalakaz lan egin dau, bai artxibo-arlokoetan bai musika-arlokoetan be, eta datu-base espezializatuak diseinetako eta kudeatzeko prozesuetan parte hartu dau.

Orain, ibilbide sendoa dauen erakunde baten erronka barriei aurre egiteko prest agertu da, arlo barriak jorratzeko be. Euskal musikea zabaltzea eta ondare bezela dauen baliotik abiatuta, Leiñenaren helburu nagusia izango da bere bildumearen balioa nabarmentzea eta musika-artxibo eta musika-dokumentuen kudeaketa-sistemetan izandako aldaketa sakonei heltzea. Lan horrek memoria digital garrantzitsu bat sortzea ahalbidetuko dau, helburu izango dauena gure egungo eta joaneko errealidade musikala ezagutzea eta zabaltzea.

Eresbileko zuzendari barriak Jon Bagüesen (Errenteria, 1955) lekukoa hartu dau, azken hamarkada bitan euskal musikearen erakunde erreferentzialaren buru izan dana. Artxibozaina formazinoz, Bagüesek Donostian, Bartzelonan eta Madrilen egin zituan musika eta unibersidade ikasketak. 1985ean, Peñaflorida Kaperea sortu eban, antxinako musikea ikertzen eta zabaltzen eban erakunde interpretatzailea. 2000. urtean, Eresbileko gidaritzea hartu eban, erakundearen aita izandako José Luis Ansorena ordezkatuz.

Azken 20 urteotan, Bagüesek artxiboaren antolaketa-egiturea finkatu dau, bai eta Euskal Herri osoko musika-erakunde eta erakundeakazko hartu-emonak be. Era berean, Jon Bagüés Eusko Ikaskuntza, EHU, AEDOM, Xenpelar eta Musikenegaz hitzarmenak adosteko arduraduna izan zan, besteak beste, euskal musika-ondarea zabaltzen laguntzeko helburuari eutsiz. Haren zuzendaritza aldian Eresbilen itxitako musikari eta erakundeen diru eta legatu kopurua nabarmen aberastu da: 111 legatu baititue.


Musikearen Euskal Artxiboa

Eresbil-Musikearen Euskal Artxiboa 1974an jaio zan, euskal musikearen ondarea batu, iraunarazo eta zabaltzeko. Eresbil Musikasteri begira sortu zan, Errenterian euskal konpositoreen lanak zabaltzeko asteagaz batera. Helburua zan zentro bat sortzea jaialdi horrek zabal eikezan obrak batzeko eta Jose Luis Ansorenaren eta Andra Mari abesbatzaren eskutik sortu zan (Andra Mari abesbatzak 1973tik antolatzen dau Musikaste). 1974an bertan, sasoi guztietako euskal konpositoreen partiturak batzen hasi ziran; urte haretako irailean, konpositoreen lehen zerrendea egin eben eta 300era heldu zan. Gaur egun, Eresbilek 2.174 euskal konpositoreren 35.436 konposizino ditu erregistrauta.

Eresbilek informazioa zabaltzen du datu-baseen, funtsen gidaren eta konpositoreei eta gaiei buruzko web-orri espezifikoen bidez; hori guztia www.eresbil.eus webgunean dago eskuragarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu