Selektibidadeko azterketak hasi dira Nafarroan

Bizkaie! 2020-06-23 09:03   Pil-pilean

Osasun larrialdiagaitik, aldaketa ugari egin ditue.

Ikasleak azterketea egiten (argazkia: UPNA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Segurtasun neurri bereziak hartuta, Nafarroako ikasleek gaur, martitzena, hasi dabe Unibersidadera Sartzeko Ebaluazinoa, edo Selektibidadea. Lau eguneko probea izango da, aurreko urteetan baino bat gehiago, eta 3.815 ikaslek emon dabe izena, igaz baino % 16 gehiagok. Mila inguruk euskeraz egingo dabe azterketea.

Normalean erabilten diran Iruñeko eta Tuterako campusak ez eze, beste egoitza batzuk be erabiliko ditue, danetara hamar, ikasleak sakabanatuago egon daitezan. Modu horretara, distantziak gorde ahal izango dira, birusa ez daiten zabaldu. Nafarroako Unibersidade Publikoko pabiloia, liburutegia, Sarioko eraikina, eta Zizur, Basoko, Iturrama eta Gurutze plazako institutuak dira azterleku barriak.

Osasuna babesteko hartu dituen neurrien artean, ikasleen arteko tartea ondo jagoteaz gan, maskaren erabilerea da deigarriena. Ikasleek momentu guztietan jantzi beharko dabe azterketearen eraikinera sartzen diranetik. Azterketea bera egiten dabizan bitartean baino ezin izango dabe erantzi.

Barikura bitartean, beraz, milazak ikaslek euren etorkizuna jokoan izango dabe, unibersidadera sartzeko bidea dalako Selektibidadea, Batxilergoan ateratako noteagaz batera. Gaztelania eta Literaturea izango da lehenengo probea, 10:00etan. Ezohiko deialdia garagarrilaren 21etik 23ra izango da.

Covid-19 birusak oztopo handiak eragin dituan arren, Nafarroako Gobernuak ez dau Selektibidadea larregi atzeratu nahi izan, eta, beraz, inguruko beste lurralde batzuetan baino leheneago dator Unibersidadean Sartzeko Hautaprobea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ostera, garagarrilaren 6, 7 eta 8ra itxaron beharko dabe azterketak egiteko; ezohiko deialdia hil horren 20an hasiko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu