Bilbao Bizkaia Harro-k LGBTI fobiaren kontrako kanpainea aurkeztu dau

Bizkaie! 2020-05-12 12:37   Pil-pilean

Orain danok estimetan dogu askatasuna goiburupean, gizartea inpliketea da helburua.

Kanpainearen helburua da Bilbao Bizkaia Harro-k gizarte osoak egoera horrek sortzen dauen askatasunik ezari eta larritasun eta ezinegon-sentimenduei buruz hausnartzea, baita urteko egun guzti-guztietan itxialdi inposatu bat jasaten daben LGBTIQ persona danakaz enpatia izatea be, ezin dabelako beren nortasuna eta sexu-orientazinoa askatasunez adierazo.

Kanpainea sare sozialen eta hainbat euskarriren bidez egingo da Bilbon, hain zuzen be, Bilboko Metroko makinetan, EuskoTren eta Tranbian ikusi ahal izango da. Era berean, Euskalduna Jauregiak eta Athletic Clubek dituen pantailetan erakutsiko da.

Horrezaz gan, 250 kartel banatuko ditue uriko beste hainbeste saltokiren artean eta La Salve garagardao enpreseak etxeetara egindako bialketetan jarriko dau. Bestetik Baque etxeak, Basque Teamek eta Bilbao Basketek bat egingo dabe kanpaineagaz euren komunikazino eta sare sozialen bitartez. Kanpainea maiatzaren 13an hasiko da sare sozialetan, eta astegoienean aitatutako euskarriakaz indartuko da.

Pandemia honetan erakundeek ez dabe ahaztu behar LGBTIQ persona asko zaurgarriak dirala eta erakundeen laguntzinoa behar dabela. Horregaitik, kanpaineak erakundeei neurri zehatzak eskatzen deutsee sare sozialen bidez sortzen dan LGBTIQfobiari aurre egiteko eta, horrezaz gan, beren egoereagaitik arreta zehatza behar daben kolektiboko personentzat neurri-egitasmo espezifiko bat lantzeko eskatzen deutse.


Lankidetzak

Bilbao Bizkaia Harro helburu bakar bategaz sortu zan: urte osoan zehar LGBTI eskubideen alde eta LGBTi fobiaren kontra lan egitea edozein espazio sozial eta pribatutan. Horretarako, urte honeetan guztietan hainbat gizarte, kirol eta enpresa-eragile LGBTIQ fobiaren kontrako burrukan inpliketako lan egin da.

Kanpaina hau honako guneotan ikusiko da:

- Metro Bilbaoko, Euskotreneko eta Tranbiako makinetan.

- Euskalduna Jauregiko kanpoko pantailan.

- Maiatzaren 17an, Athletic Clubek bat egingo dau, kanpainea kanpoko pantailan erakutsiz eta 22:00etatik 22:30era zelaia argituz.

Bilboko Erdialdeko, Alde Zaharreko, Bilbo Zaharreko, Erriberako eta Zabaleko merkatarien alkarteek bat egin dabe ekimenagaz eta 250 kartel banatuko ditue euskeraz eta gaztelaniaz beste hainbeste dendatan. Era berean, Cervezas La Salvek bat egin dau kanpaineagaz, goiburua dauen itsasgarri bat txertatuz etxez etxeko banaketa-kutxetan.

Azkenik, Baquek, Basque Teamek eta Bilbao Basketek euren komunikazino eta sare sozialen bitartez parte hartuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu