Bilbo, LGTBIfobiaren kontra

Bizkaie! 2020-05-11 13:38   Pil-pilean

Diskriminazino horren kontrako nazinoarteko eguna da maiatzaren 17a.

Bilboko Udalak kanpaina instituzionala plazaratu dau, domekan, hilak 17, homofobiaren, lesbofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren kontrako nazinoarteko eguna izango dalako. Sexu eta genero aniztasuna aldarrikatu eta LGTBIfobia indar guztiz gaitzestea da helburua, #NikUlertzenDut leloaren eta hainbat kartelen bidez. Kartelotan era askotako bilbotarrak agiri dira, konpromiso indibidual eta aktiboaren beharra azpimarratzeko.

Eguneroko indarkeria babesten eta zilegi egiten dauen isiltasun konplizearen aurrean, erretratu bakotxak ordezkatzen ditu LGTBI kolektiboaren askatasunakaz eta eskubideakaz konpromisoa adierazoten daben herritarrak. Gure etxeetan, sareetan eta kaleetan, tolerantziarik ez lesbo-homofobiaren eta transfobiaren aurrean, adierazo dau Udalak.

Azken urteotan asko aurreratu dan arren, oraindino bilbotar askok sarri sufriduten ditue indarkeria, mespretxua eta irainak sexu-orientazinoagatik eta genero-identidadeagaitik. Horregaitik, Udalak dino beharrezkoa dala sexu aniztasunaren aldeko kanpainak egiten segitzea eta LGTBIfobia txarrestea.

Udalarentzat estrategikoak diran proiektu biren barruan sartzen da kanpainea: Bilbao Balioen Uria eta Nazino Batuen 2030 Agendearen Garapen Jasangarriko Helburuak. Balioak garapenerako eragiletzat dituan uria eregitearen aldeko proiektu bi dira, eta giza eskubideen errespetua, alkartasuna, bardintasuna, aniztasuna eta inklusinoa ipini nahi ditue Bilboko bizikidetzearen oinarrian.

Kanpaina honetako kartelak eta leloa modu digitalean zabalduko ditu Bilboko Udalak, webgunean zein sare sozialetan, Bilbao Berdintasuna (facebook eta twitter) eta Bilboko Udala (facebook, instagram eta twitter) kontuen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu