Hezkuntza Sailak Batxillergoan ikasleak onartzeko prozedurea edegi dau
2020-05-06 08:58 Pil-pileanBatxilergorako eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 11tik 22ra izango da.
Eusko Jaurlaritzeak Gobernu Kontseiluan Hezkuntza Sailari lotutako administrazino-prozedura batzuk barriro edegitea onartu dau. Prozedura horreek bertan behera geratu ziran martiaren 14an 463/2020 Errege Dekretua onartu ondoren. Errege-dekretu horren bidez, COVID-19k eragindako osasun-krisiaren egoerea kudeatzeko alarma-egoerea deklarau zan.
Onartutakoak, honako honeek dira: batetik, 2020-2021 ikasturterako Batxilergoko ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozedurea da eta, bestetik, 18 urtetik gorakoek 2019-2020 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua lortzeko proba libreak egiteko prozedurea.
Errege Dekretu horrek (martiaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak), besteak beste, sektore publikoko erakundeetan prozedurak izapidetzeko epeak etetea ezarri eta epe horreen zenbaketea geroago hasiko zala adierazo. Aurrerago, barriz, martiaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak honako hau adierazoten eban: Errege Dekretu harek edo, holan bakahoko, haren luzapenek indarra galtzen dabenean, sektore publikoko erakundeek erabagi ahal izango dabe, arrazoituta, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamendurako ezinbestekoak diran administrazino-prozedurakaz jarraitzea.
Batxilergoan ikasleak onartzeko prozedurea
Araudi hori aintzat hartuta, Gobernu Kontseiluak baimena emon dau Batxilergoko ikasleak onartzeko prozedureagaz jarraitzeko (2020ko zezeilaren 25eko Aginduaren bidez arautua) Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetan eta Euskadiko itunpeko ikastetxe pribatuetan, 2020-2021 ikasturterako.
Era berean, eskabideak aurkezteko egutegi barria eta onarpen-epeak onartu dira:
- Eskabideak eta agiriak aurkeztea: maiatzaren 11tik 22ra, biak barne. Eskabidea online egiteko epea maiatzaren 21eko 24:00etan amaituko da eta beharrezko dokumentazinoa eskaneauta erantsi beharko da.
Ikastetxeak dokumenturen bat zuzentzeko eskatzen badau, eskaneautako dokumentazino hori maiatzaren 22ra arte erantsi ahal izango da.
- Eskatzaileen zerrendea argitaratzea: maiatzak 28.
- Behin-behineko zerrendak argitaratzea: bagilaren 4an.
- Behin-behineko zerrendei egindako erreklamazinoak: bagilaren 11ra arte, egun hori barne.
- Eskabidean atzera egitea: bagilaren 11ra arte, egun hori barne.
- Behin betiko zerrendak argitaratzea: bagilaren 18an.
- Ohiko matrikula-aldia: bagilaren 22tik garagarrilaren 6ra, biak barne.
- Behin betiko zerrendetan gora joteko errekursoa aurkezteko epea:
Garagarrilaren 20ra arte, egun hori barne.
Datorren 2020-2021 ikasturtean, 200 ikastetxek baino gehiagok –publiko zein itunpekoak- Batxilergoa ikasteko aukerea emongo dabe Euskal Autonomia Erkidegoan, hiru modalidade honeetakoren batean: Zientziak; Humanidade eta Gizarte Zientziak; edo Arteak. 2019-2020 ikasturtean, 30.236 ikasle dabiz Batxilergoa ikasten Euskadin.
DBHko Graduatu titulua eskuratzeko proba libreak
Araudi hori bera aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzeak onartu dau proba libreak egiteko prozedureagaz jarraitzea, 18 urtetik gorakoek 2019-2020 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua lortu ahal izan deien.
Proba libre horreetara aurkezteko, honako egutegi hau ezartzen da:
- Matrikula-aldia: 2020ko maiatzaren 11tik 22ra, biak barne.
- Probak egitea: 2020ko bagilaren 12an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!