Europaren Eguna: 2020ko maiatzak 9

Bizkaie! 2020-05-06 08:06   Pil-pilean

Schuman Adierazpenaren 70. urteurrena ospatzeko eguna.

Espero dogu zure hurrekoak eta zu ondo egongo zareela gure bizimodua nahastau dauen pandemia honen erdian; gure pentsamenduak gaixotasunari aurre egiten dabizen danakaz dagoz.

Aparteko egoera horreek dirala-eta, ezin izango da Europaren Eguna pertsonalki ospatzeko ekitaldirik egin, baina ez deutsagu uko egingo Europaren Eguna ospatzeari, batez be Schuman Adierazpena egin zanetik 70 urte bete diran urte honetan. Jean Monnetek inspirau eta Schumanek eta bere hurreko aholkulariek idatzitako adierazpenei esker Europako integrazino prozesuari ekin jakon. Horregaitik, EuroBasquek egindako Schuman Adierazpenaren 70. urteurrena dala-eta (I. eranskina), Manifestua kaonpartidu gura dagu zuokaz.

Europan bizi dogun osasun, gizarte eta ekonomia-egoera larri honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da eta herritarren ardurak eta itxaropenak batuko dituan eta euren bildurrei erantzungo deutsen europar proiektu bat barriro pentsetan jarraitu eta, horretarako, ilusinoz beteriko etorkizuna eskaini behar dogu.

EBko erakundeetan eta Europako gizartean egiten dabizen legez, EuroBasquek Europaren etorkizunari buruzko barruko hausnarketako prozesu bati ekin deutso maila guztietan, Europaren etorkizunari buruzko hurrengo Biltzarraren aurrean Adierazpen bat eginez (II. eranskina).

Horregaitik guztiagaitik, datorren 2020ko maiatzaren 9an Europaren Egunaren eta Schuman Adierazpenaren 70. urteurrenaren efemeride hau eta erantsitako manifestuak zabaldu daizuezala animetan deutsuegu eta egun hau gazte eta edadekoei, erakundeei, gizarte eta ekonomia-eragileei ahotsa emoteko erabili daizuen, Europak zer behar eta nahi dauen hausnartu daizuen, Europar Batasunaren historiari eta etorkizunari buruzko eztabaidea sustatuz.

Argibide gehiago behar izan ezkero, eskatu eposta honetan: eurobasque@eurobasque.eus


EuroBasque

 

EuroBasque Europako Mobimentuaren Euskal Kontseiluak parte hartzen dau Nazinoarteko Mobimentu Europarrean eta orain 70 urte baino gehiago hasi zan sustatzen balio demokratikoak, historia, ekonomia eta euskal kultura, bere nortasun guztiak integrau eta ahotsa emongo deutsen Europa federalista barri baten zati legez. EuroBasqueren jarduera lau jarduera ardatzetan oinarritzen da: ezagutzak zabaltzea eta euskal gizartearen parte-hartzea sustatzea Europako gaietan, euskal gazteriaren hezkuntzea Europako balioetan, euskal ikertzaileen eta Estaduko ikertzaileen arteko ikerketa-arlo barrien babesa eta Europako gaien sensibilizazinoa eta hobekuntzea Euskadiko komunikabideetan.

 

Gaur egun, EuroBasquek 150 kide ditu, besteak beste, alderdi politikoak, sindikatuak, enpresa-erakundeak, erakundeak, unibersidadeak, lanbide alkargoak eta era askotako alkarteak, merkataritza-ganberak eta kultura, zientzia edo kazetaritza-erakundeak eta 60 persona banaka.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu