Unibersidadeko prezio publikoak eta bekak, Covid-19ra egokituta

Bizkaie! 2020-04-29 09:27   Pil-pilean

Ikasleei eta familiei laguntzeko neurri bereziak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzeak.

2020-2021 ikasturterako bultzatu nahi dituan proposamenak aurkeztu ditu Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Unibersidade eta Ikerketa sailburuordetzeak, eta Unibersidade Irakaskuntza Publikoa Koordinetako Kontseiluari eta Euskadiko Unibersidade Kontseiluari bialdu deutsez. Bihar, apirilak 30, egingo daben batzarrean aztertuko ditue neurriok, Covid-19ak eragindako egoera ezohikoa arintzeko beren-beregi pentsautakoak.

Helburu bigaz egin dau proposamena Jaurlaritzeak: Batetik, unibersidadeko sarbidean ikasle guztien arteko bardintasunari eustea; eta, bestetik, Covid-19aren ondorioak jasaten dabizan ikasleei eta euren familiei laguntzea. Neurriok EHUgaz adostuta dagoz.

Proposamen nabarmenetako bat prezio publikoei jagokena da. 2015etik izoztuta dago lehen matrikulearen prezioa EAEn, baina, datorren ikasturtean, Gradu, Master eta Doktoregoetako bigarren eta hurrengo prezioak be ez ditue igongo.

Ganera, 2019-2020 ikasturtean izandako trabak dirala eta (besteak beste, klase presentzialak etetea), prezio batzuetan aldaketak egingo ditue. Gradu eta Masterretan, bigarren hiruhilekoko ikasgai baten bigarren matrikulazinoaren prezioa lehenengoaren parekoa izango da, ez karuagoa. Kasu batzuetan, ia heren bateko deskontua da.

Bekak emoteko sisteman be aldaketak egongo dira, ikasleei erraztasunak emoteko asmoz. Bekea eskuratzeko gitxieneko notea bajatuko dabe, Covid-19aren eragina kontuan hartuko da ikaslearen errendimendua baloretako orduan, eta familien errenta-autorpenean koefiziente zuzentzaileak ezarriko ditue ikasleen familietan autonomoak edo ERTEak kaltetutako beharginak badagoz.

Hezkuntza Saila jakitun da zein egoera gatxa dagoan gizartean, familia batzuetan batez be. Horregaitik, Euskal Hezkuntza Sistemearen izaera ekitatiboa eta inklusiboa indartuko daben ekimenak bultzatzen jarraituko dau, adierazo dau Jaurlaritzeak ohar baten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu