EHUko José María San Juani emon deutsie Urrezko Zener Dominea
2020-04-28 13:46 Pil-pileanMateria Kondensaduaren Fisikearen alorrean munduko aintzatespen garrantzitsuenetako bat da.
EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko irakasle eta ikertzaile dan José María San Juan doktoreari emon deutsie Gold Zener Medal, edo Urrezko Zener Dominea, nazinoarteko saria. Bagilean izan da jasotekoa sari hori, Moskun egin beharreko biltzarrean, baina Covid-19aren erruz 2021era atzeratu dabe ekitaldia.
International Conference on Internal Friction and Mechanical Spectroscopy (ICIFMS) izeneko erakundeak emoten dau Urrezko Zener Dominea, Materia Kondensaduaren Fisikearen alorrean ekarpen baliotsuak egin eta ibilbide oparoa bete daben zientzialariak saritzeko. Aintzatespen hori jaso dauen EHUko lehenengo kidea da, eta Euskal Herriko zein Espainiako lehenengoa be bai.
José María San Juanen ibilbidea Bilbori estu-estu lotuta dago: Fisikan doktore titulua eskuratu eban Bilboko Unibersidadean, ikastegi hori EHUren parte bihurtu baino lehen. 1995etik EHUko Metalurgia Fisikoko katedraduna da, eta Barne Frikzinoan eta Espektroskopia Mekanikoan espezializautako laborategiaren sortzaile eta arduraduna. 2002an, ICIFUAS-13 nazinoarteko biltzarra antolatu eban Bilbon.
Atzerrian be lan bikaina egindakoa da San Juan. Materialen Zientzietan doktore da Lyongo Insa Unibersidadean, eta 2006tik 2007ra AEBetako MIT institutu entzutetsuan irakasle konbidadu izan zan. ICIFMSeko kide izateaz gan, nazioarteko hainbat aholku batzordetan be badabil.
EHUn dauen laborategian, San Juanek akatsen mobikortasuna, fase transizinoak eta propiedade mekanikoak aztertzen ditu. Material ugarigaz egiten dau lan, aleazino arin eta forma memoriadun aleazinoakaz, besteak beste. 200 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu, baita lau liburu be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!