Umeek kalera urten ahal izango dabe domekatik aurrera

Bizkaie! 2020-04-22 08:36   Pil-pilean

14 urtera artekoei heldu batek lagundu beharko deutse.

Salvador Illa ministroa, atzo, azalpenak emoten | Ikusi handiago | Argazki originala

Konfinamendua arintzen hasteko lehenengo neurrietako bat iragarri dau Espainiako Gobernuak: Orain arte derrigorrez etxean geratu behar izan dabe umeek, baina, domekatik aurrera, urtenaldi txikiak egin ahal izango ditue, helduen begiradapean eta prebentzino neurriak errespetauta. Zapatuan argitaratuko dau dekretua Gobernuak, erabagia indarrean sartu bezperan.

Zalantzak eta kritikak eragin ditu Pedro Sánchezen lantaldeak erabagiaren barri emoteko moduak. Atzo eguerdian, María Jesús Montero Gobernuko bozeroaileak azaldu eban 14 urtera artekoek helduei errekaduak egiten laguntzen baino ezin izango ebela urten, hau da, supermerkadura, botikara edo bankura. Baina ezin izango ebela paseo laburrik emon. Handik ordu batzuetara, bart iluntzean, Salvador Illa Osasun ministroak dekretuaren edukia aldatzeko aginduko dauela iragarri dau. Gobernuak gizartearen eskariak entzuten dakiela, eta paseo laburrak egin ahal izango dituela 14 urtera arteko neska-mutilek. Harridurea eragin dau Espainiako Gobernuaren jokabideak, lehenengo gauza bat esan, eta ordu batzuetara funtsezko aldaketak eginda.

Kontuak kontu, domekatik aurrera, 14 urtera arteko umeek kalera urten ahal izango dabe, baina beti heldu batek lagunduta. Heldu hori umearen etxe berean bizi danetako bat izango da derrigorrez. Paseoak gehienez zenbat denporakoak izango diran zehaztu barik dago, Kongresuan dekretua aurkezten dabenean edo zapatuan argitaratzen danean jakingo dira zehetasun gehiago.

14 eta 18 urte bitarteko gazteei ez deutse eragiten aginduak. Edozelan be, Gobernuak zehaztu dau edade horretakoek badabela kalera urteteko modua, izan be, helduena moduko itxialdia egin behar dabe eta, beraz, erosketak edo tramite garrantzitsuren bat egiten urten leikie.

Dekretu barriak, zelanbait, bardindu egingo ditu Ipar eta Hego Euskal Herria, izan be, orain arte, Frantziako Gobernuak urteten itxi deutse umeei ariketa fisikoa egiteko, etxe inguruan eta denpora laburrez bada be. Domekatik aurrera, Espainiako Gobernuak be antzeko araua ezarriko dau.


Beste erabagi batzuk

Covid-19 gaixotasunak eragindako osasun larrialdiari jagokozan beste erabagi batzuen barri be emon dau Espainiako Gobernuak. Batetik, alarma egoerea barriro luzatzeko eskatuko dau, maiatzaren 10era arte. Birusari aurre egiteko neurriak ez dabizala nasaitzen zehaztu dau María Jesús Montero bozeroaileak, eta konfinamendua zorrotz beteteko eskatu deutse herritarrei.

Hortaz, normaltasunerutz egin beharreko pausu bakotxa neurtua eta hausnartua izan behar dala azpimarratu dau Monterok. Umeei urteten ixteko erabagia, esate baterako, osasungintzako adituen eretxia entzun eta gero hartu dabela zehaztu dau. Sei aste etxean egon eta gero, umeak kutsatuta egoteko edo gaixotasuna transmitiduteko probabilidadea txiki-txikia dala dino.

Bestetik, Osasun Ministerioaren menpeko Medikamenduen Prezioen Ministerio arteko Batzordeak agindu dau maskara kirurgikoen gehienezko prezioa 0,96 euro izango dala. Era horretara, herritar guztiek eskuratu ahal izango ditue osasuna babesteko maskarak, salneurrian gehiegikeriarik sufridu barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu