Iruñeko Sanferminak bertan behera

Bizkaie! 2020-04-21 13:36   Pil-pilean

Udalak dino gaur egungo egoeran ez dagoala lekurik txupinazo, zezenketa eta halakoetarako.

Jentetzea Sanferminetan (argazkia: Iruñeko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurtengo udan ez da San Fermin jairik ospatuko Iruñean, bertako Udalak jakitera emon dauenez. Ana Elizalde alkateordeak adierazo dau Covid-19aren ondorioz hartu dabela erabagia, pentsaurik eretxi publikoa bat etorriko dala. Batetik, ez dala txupinazo, zezenketa eta halakoetarako momentua dino; bestetik, jaiak antolatzeko dirua behar sozialetara bideratuko dabela.

Garagarrilaren 6an, San Fermin bezperan, hasten dira jaiak urtero, hiru hile be ez dira falta. Aurtengo hutsunea gogoan, alkarte, ostalari eta dendari askori eragingo deutsazan galerak bardintzeko edo horreei eusteko bideak aztertuko ditu Iruñeko Udalak. Era berean, galera emozionala be izango dala onartu dau Elizondo alkateordeak.

Nazinoartean oihartzuna izango dauen barria dala badaki Udalak, Elizalderen arabera. Beste ekitaldi handi batzuk be bertan behera ixten dabizala gogoratu dau, esate baterako, gaur bertan iragarri dabe Municheko Oktoberfest ez dala egingo aurtengo udagoienean. Iruñean, ostera, ez dabe guztiz baztertu irailean edo Sanferminak egitea, baina momentuko osasun egoereak esango dau hori.

Edozelan be, baikortasunari eusteko deia egin dau Iruñeko Udalak. Ahal bada eta osasuna babesteko neurriek lagaten daben neurrian, ekitaldiren bat egiteko asmoa dau garagarrilaren 7an. Herritarrei deia zabaldu deutse, irudimena erabili eta euren kabuz ospakizun txikiak antolatzeko, baina osasun arau bereziak kontuan hartuta.

Sanferminak bertan behera geratu dirala iragarteko eta jentearen animoa pixka bat biztuteko, bideoa plazaratu dau Udalak hainbat hizkuntzatan. Ikusi euskerazko bersinoa hemen

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu