Bilboko Udalak oinarrizko zerbitzuetarako eta erregistroetarako baino ez ditu hartuko herritarrak

Bizkaie! 2020-03-16 07:55   Pil-pilean

Bilbobus zerbitzuak, ostera, betiko ordutegia izango dau, baina egunez bakarrik.

Bilbobusa Arenalean (argazkia: Wikipedia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak zentralizau egin ditu zerbitzu guztiak, udaletxearen atzeko San Agustin eraikinean eta barruti bakotxeko udaltegi nagusian. Ohar baten azaldu dauenez, oinarrizko eta preminazko udal zerbitzuak baino ez ditue emongo COVID-19 birusagaitik ezarritako neurriak indarrean dagozan bitartean, baita erregistroetakoak be. Ganerako eskabideak bide telematikoetatik egin beharko dira derrigorrez (helbide elektronikoetan eta 94 401 00 10 telefonoan).

Goizez baino ez ditue zabalduko arretea emoteko guneak, 10:00etatik 14:00etara. Bertara doazanei eskatu deutsie Jaurlaritzako Osasun Sailak emondako aholkuak errespetetako. Udalak gel-banagailuak jarriko ditu eskuak garbitzeko, eta erabiltzaileen eta funtzionarioen arteko segurtasun-distantziak kontrolauko dira. Arreta-postu bakotxeko persona bakarra baimenduko da.

Jente piloketarik ez daiten egon, udal zerbitzuetara doazan uritarrei arretea emoteko modua antolatuko dabe beharginek. Hau da, eraikinak muga batetik gora bete ezkero, ez deutsie jente gehiagori sartzen itxiko. Ilaretan, ohi baino distantzia handiagoa ezarriko dabe personen artean.

Bilbobus lineetan, bestetik, erabiltzaileek ahalik eta aldaketa gitxien igarri deien da Udalaren asmoa, baina Osasun Saileko agintarien eskariak betez. Hartara, egunez, linea guztietako maiztasunei eutsiko deutsie, baina gaueko zerbitzurik ez da egongo. Artxandako funu¡ikularrean be antzeko erabagia hartu dabe.

Autobusak ohi baino sarriago garbituko ditue. Erabiltzaileek Barik txartelagaz baino ezin izango dabe pagau eta atzeko atetik sartu eta urtengo dira. Aurreko jesarlekuak ezin dira erabili, gidariak seguruago egon daitezan.

Ganera, Bilboko ibilbide turistikoa egiten dauen autobusa kendu dabe, eta bizikleten alokairurako BilbaoBizi zerbitzua bertan behera geratu da. Udal igongailuak erabili ahal izango dira, baina gehienezko edukieraren heren bat baino ezingo dira bete bidaia bakotxean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu