UPV/EHUk Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetara zabaldu dau aurrez aurreko irakaskuntzearen etenaldia

Bizkaie! 2020-03-13 10:00   Pil-pilean

Gure jokabide personalak modu erabagigarrian laguntzen dau krisi honen ondorioak zabaltzen edo uzkurtzen.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabagi dau aurrez aurreko irakaskuntza-jarduerea martiaren 13tik 27ra arte etetea Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako zentro guztietan. Arabako Campuseko aurrez aurreko etenaldia be hilaren 27ra arte luzatu da.

Erabagi horrek 44.500 ikasle ingururi eragiten deutse (8.000 Arabakoak dira, eta orain 25.000 gehiago dira Bizkaian eta 11.500 Gipuzkoan), eta euskal unibersidade publikoak irakaskuntza-alternatiben ezarpena be zabalduko dau, ikasle guztiek prestakuntza egokia izango dabela ziurtatzeko.

Beraz, Arabako Campusean bezela, irakaskuntzaz kanpoko unibersidade-jarduereak normaltasunez jarraituko dau Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako eraikin guztietan. Era berean, irakasle-ikertzaileei eta administrazino eta zerbitzuetako langileei gogorarazoten jake lanpostuetan bete behar dituela Osasun Sailak zehaztutako gomendioak.

UPV/EHUko zuzendaritza taldeak etenbako loturea dau Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailakaz egoera horri aurre egiteko. Bestalde, joan dan martitzen arratsaldetik, webgune berezi bat atondu dau, unibersidadeko kideei koronabirusari eta horrek unibersidade-jarduerearen alderdi guztietan dauen eraginari buruzko barri, gomendio, barrikuntza eta argibide guztiak emoteko. UPV/EHUk gogorarazo dau hartutako neurrien arabera, ikastetxe bakotxak (fakultateak edo eskoleak) bere jarduera-plana diseinau dauela, titulazinoen ezaugarriak kontuan hartuta eta irakaskuntza modu birtualean emoteari buruzko zehetasunen barri emoten jakela ikasleei.

Neurri barri horren aurrean, Nekane Balluerka EHUko errektoreak adierazpen hau egin dau: Herritar guztiok eta, jakina, euskal unibersidade publikoa osotzen dogun guztiok, erantzukizun handiz jokatu behar dogu. Irakaskuntza-jarduerea bertan behera ixteak, Eusko Jaurlaritzeak hartutako neurriak, aurre egin behar deutsagun pandemiaren larritasuna adierazoten deusku. Dei egiten dot persona guztiok modu zorrotz eta arduratsuan jarraitu daigun agintariek ezarritako gomendioak, baina gogoeta personal bat gehitzen dot: gai honen ebazpena ez dago gutako bakotxaren instantzia desbardinetan. Gure jokabide personalak modu erabagigarrian laguntzen dau krisi honen ondorioak zabaltzen edo uzkurtzen. Alderdi akademikoari jagokonez, Euskal Herriko Unibersidadeak behar dan guztia egingo dau, baliabide alternatiboen bidez, gure ikastetxe guztietako irakaskuntza-jarduerea jorratzeko eta gogor lan egingo dogu helburu hori lortzeko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu