Pakearen Gernika Sariak, Kids Guernica eta Nazinoarteko Brigadentzat
2020-03-10 08:02 Pil-pileanApirilaren 26an emongo deutsie saria, bonbardaketearen urteurreneko ekitaldietan.
Gernika-Lumoko Udalak jakitera emon dauenez, erakunde biri emongo deutsie 2020ko Pakearen eta Adiskidetzearen aldeko Gernika Saria. Kids Guernica eta Nazinoarteko Pake Brigadak aukeratu ditue, mundu zabalean batak eta besteak egiten daben lana autortzeko.
Apirilaren 26an emongo deutsiez sariak, Gernika bonbardeau ebenetik 83 urte pasauko diran egunean. Urtero legez, Pakearen Gernika Sariak emoteaz gan, beste ekitaldi instituzional eta herrikoi ugari egongo dira urian, 1937ko hilketea gogoratzeko, esate baterako, lora eskaintzea kanposantuan.
Toshifumi Abe, Tadashi Yasura, Kaozu Mizuguchi eta Tom Anderson japoniarrek sortu eben Kids Guernica 1995ean, Hiroshimaren kontrako eraso nuklearraren 50. urteurrenaren kontura. Pablo Picassoren Guernica koadroa oinarri hartuta, hainbat lekutako umeen marrazkiak batzen ditue, horma-irudi handiak osotzeko. Pakearen kulturea sustatzea da ekimenaren asmoa, eta hasi zanetik 80 marrazki baino gehiago jaso ditu, bost kontinentetako neska-mutilek eginak.
Bestetik, Nazinoarteko Pake Brigadak gobernuz kanpoko erakundea giza eskubideen errespetuaren eta gatazkak indarkeria barik konpontzearen alde dabil lanean. Gatazketara behatzaileak bialtzen ditu erakundeak eta mehatxupean dagozan personak babesten dituan boluntario taldea be badauka. Guatemalan, El Salvadorren, Sri Lankan, Ipar Amerikan, Ekialdeko Timorren, Haitin, Nikaraguan... esku hartu dabe Nazinoarteko Brigadek. 2001ean Pakearen Nobel Saria emon eutsien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!