Bardintasuna praktikara eroateko deia Emakumeen Eguneko adierazpenean
2020-03-06 12:06 Pil-pileanBilboko talde politiko guztiek egin dabe bat Eudelek zabaldutako mezuagaz.
Domekan izango da martiaren 8a, Emakumeen Nazinoarteko Eguna, baina gaur egin dau ekitaldi nagusia Bilboko Udalak, lan eguna aprobetxetako. Adierazpen instituzionala irakurtea izan da egitarauaren ardatza, eta esan beharra dago adostasun zabal-zabala lortu dabela oraingoan: Batetik, Eudel erakundeak plazaratutako testua irakurri dabelako, beste udal askotan egingo daben legez; bestetik, ordezkaritzea daben udal talde politiko guztiek babestu dabelako ekitaldia.
Udal gobernuaren izenean Juan Mari Aburto alkatea eta Nekane Alonso zinegotzia egon dira. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, PSE-EE eta PPko bozeroaleak be irakurraldira joan dira. Bardintasunaren alorrean Udalak daukazan konpromisoak jakitera emon ditue, adierazpen instituzionalagaz bat egiteaz gan. Azkenik, Martiaren 8aren kontura antolatutako mobilizazinoetan modu aktiboan parte hartzeko deia egin deutsie herritarrei.
Eudelek zabaldu dauen adierazpen instituzionalak gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren balioa nabarmentzen dau. Bardintasun hori benetan gauzatu beharra dago, eguneroko bizitzara ekarrita. Izan be, aurrerapen asko egin diran arren eta bardintasuna teorian onartuta dagoan arren, praktikan ez da benetan beteten, emakumeek eta gizonek ez dituelako eskubide berberak, Eudelen arabera.
Giza eskubideen defensan segidu beharra dagoala dino testuak, genero-bardintasuna lortzeko, garapen jasangarriaren helburuetan jasota dagoanez. Gizartean mezu bateratua izan behar dau gai honetan: Bardintasuna. Irakurri adierazpen osoa hemen.
Bilboko Udalak adierazpen orokor horri konpromiso jakin batzuk gehitu deutsaz. Udalaren jarduera guztietan genero-ikuspegia sartzea eta araudia bardintasun politiketara egokitzea dagoz konpromiso horreen artean, baita lekuan lekuko jardueretan indarkeria matxistearen biktimei erreparazinoa emoteko bidean aurrera egitea be. Azkenik, emakumeen taldeakaz eta alkarte feministakaz alkarlanean lan egiteko beharra be aitatu dabe adierazpenean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!