Bilbon, Aste Santuko umeen astialdi programan 822 plaza dagoz

Bizkaie! 2020-03-03 09:27   Pil-pilean

Izena emoteko epea zabalik dago, eguenera arte.

Guneberri eta Kideberri izeneko programa bi antolatu ditu Bilboko Udalak 5 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat, Aste Santuko oporretan astialdi aktiboa izan deien. Uriko barruti guztietan egingo ditue jarduerak, eta gai nagusia Bilbo Ezagutuz izango da, hau da, uriko txoko eta pertsonaien barri emongo deusie parte-hartzaileei modu ludiko eta atsegin baten.

Edadearen araberakoak dira Guneberri (552 plaza) eta Kideberri (270 plaza). Lehenengoa 2011-2014 urteetan jaiotako neska-mutilentzat da, eta Kideberri, nagusiagoentzat, 2008tik 2010erakoentzat.

Umeek apirilaren 6tik 8ra edo apirilaren 17tik 21era hartu ahal izango dabe parte jardueretan, 9:00etatik 14:00etara. Deustuko, Castañoseko, Otxarkoagako, Begoñako, Alde Zaharreko, Abandoko, Iralako, Basurtuko eta Zorrotzako udaltegiak izango ditue aukeran. Familia bakotxaren beharrak desbardinak diranez, sartzeko ordutegia malgua izango da, 9:00etatik 9:30era.

Izena emoteko epea zabalik dago, martiaren 5era arte. 6an egingo da zozketea, 822 plazak norentzat izango diran erabagiteko. Interneten ez eze, 010 telefono zenbakian edo Bilbao Click guneetan (udaltegietan eta San Agustin eraikinean dagoz) apuntau leiteke. Prezioa 6 eta 16 euro bitartekoa da aste oso baterako, familien diru-sarreren arabera.

Gazteentzako programa gehiago

11 urtera arteko programen barri emon dau orain Bilboko Udalak, baina gogoan izan behar da nerabeentzako Aste Santuko eskaintzak be egongo dirala. Gaztekluba egitasmoaren bidez, gazteek aukeran ditue txangoak, jantzak, lehiaketak, kirolak eta abar. Martiaren 16tik 23ra emon ahal izango da izena.

Bestetik, zezeilaren 25etik izena emoteko epea zabalik dago Aste Santua Kirolez Blai eta Kanpus Bereziak programetan, 6 eta 13 urte bitarteko neska-mutilentzat. Aurten, kanpusetan palea, gimnasia eta dance now landuko ditue. Kirol arloko jarduerak Deustu, San Inazio eta Txurdinagako udal kiroldegietan egingo ditue: Esubaloia, saskibaloia, badmintona eta uretako jokoak dagoz aukeran oraingoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu