Belaunaldi guztiak bat eginda, Martiaren 8ko Emakunderen kanpainan
2020-02-25 08:03 Pil-pileanKate barik, katean da aurtego leloa.
Emakumeen Nazinoarteko Egunerako, Martiaren 8rako, kanpainea aurkeztu dau Emakundek, Kate barik, katean lemapean. Emakumeentzako eskubideak eta bardintasuna lortzeko bidean aurreko belaunaldiek egindako aurrerapenak gogoratu eta gazteei dei egin nahi deutsie kanpaina honetan, ahalduntzearen katean ez daiten etenik egon.
Bestetik, kanpaineak hainbat urteurren ekarriko ditu gogora, berbarako, Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformearen 25. urteurrena eta Bardintasunerako Euskal Legea onartu zaneko 15.a. Urteurren horreek erakusten dabe bardintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko lana atzetik datorren katea dala, Emakunderen arabera.
Etorkizuna eregitea lotuta dago iraganagaz, adierazo dau Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Bardintasunaren aldeko lana ez da hutsetik sortu, denporan zehar aldarrikapenari eusteaz arduratu diran persona eta gizarte eragile askoren konpromisoa dago atzean, eta belaunaldi barrien konpromisoa lortzea da kanpaina honen helburu nagusietako bat.
Landaidak, era berean, Martiaren 8a emakumeen ahalduntze kolektiboaren erakusgarri barria izan leitekela adierazo dau. Era guztietako emakumeak, alkarregaz, euren eskubideen defensan. Emakundetik babestu egingo doguz mobimendu feministeak deitzen dituan mobilizazinoak, beti egin izan dogun legez.
Horregaz lotuta, NBE Emakumeak erakundeak bultzatutako Bardintasunaren belaunaldia: emakumeen eskubideen eta etorkizun bardinzale baten alde kanpainan hartuko dau parte Emakundek. Beijingo Ekintza Plataformearen sorreran ezinbestekoak izan ziran ekintzaileak eta belaunaldi barrietakoak batzen dabiz ekimen horretan.
Emakunderen kanpaineak kartelak, irrati-iragarkiak, banerrak eta bideo bat izango ditu, eta zezeilaren 25etik martiaren 10era bitartean ikusiko da kanpoko euskarrietan, komunikabideetan zein sare sozialetan. Ganera, kartelak bialdu deutsiez erakunde, ikastetxe, osasun-zentro, alkarte, enpresa, kultur etxe eta liburutegiei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!