Martiaren 8an kaleak beteteko deia egin dau Mobimendu Feministeak

Bizkaie! 2020-02-19 10:01   Pil-pilean

Grebarik ez da egongo aurten, baina mobilizazinoak bai.

Iruñean egin dabe agerraldia (argazkia: EHko Mobimendu Feministea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Agerraldia egin dabe Euskal Herriko Mobimendu Feministako arduradunek, martiaren 8ko Emakumearen Egunaren harira dituen asmoak azaltzeko. Aurten egun hori domekea izango danez, ez dabe grabarako deialdirik zabaldu, eta, beraz, ezin izango dabe aurreko urteetako geldialdi masiboa barriro egin. Baina mobilizazinoak uriburu eta herrietan antolatuko ditue, burruka feministearen aldarria lau haizetara zabaltzeko.

Aurten barriro kaleak beteko doguz, eta ozen eta argi esango dogu: jendarte eredu hau bizigatxa da persona gehienontzat, batez be emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetearentzat, adierazo dabe agerraldian. Grebarik ez danez egongo, batzuek ezintasuna eta su-etena ikusi nahi izan ditue, baina Mobimendu Feministeak garbi azaldu dau halakorik ez dagoala: Greba feministea emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago da, ez da helburu bat, beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresnea baino, eta ahalegin eraldatzaile horretan segitzen dogu.

Kalera urteteko arrazoien barri be emon dabe: Emakumeen autoantolaketearen beharra azpimarratzen segiduko dogu. Neoliberalismoa eta indibidualismo basatia sustatzen dituan mundu honetan, komunidade feminista konprometidua eregi behar dogu. Kaleetan, eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministearen bidez presinoa egin behar dogu.

Euskal Herriko Mobimendu Feministearen helburua gizartea eta sistema ekonomikoa goitik behera eraldatzea da, bestela ez dalako benetako aurrerabiderik egongo. Guk ez dogu bardintasun formalik nahi, ezta muga barik konsumiduteko edo personak eta lurraldeak esplotetako bardintasunik be, ez dogu errezeta neoliberalik nahi.

Hortaz, euren burrukeagaz bat egiteko deia egin dabe. Martiaren 8an, suntsitzen gaituan kapitalismo basatiari aurre egingo deutsan eta arrazakeria instituzionala apurtzeko borrokatuko dauen feminismoa aldarrikatuko dogu. Gure feminismoak gorputzen merkantilizazinoa eta binarismoa burrukatzen ditu, norberaren gorputzerako eskubidea, sexu eta ugalketa eskubideak, aniztasuna eta sexu-askatasuna defendiduta.

Kaleak beteteko deia egin dabe, aurrean izango gaituzue lemapean. Hego Euskal Herriko lau uriburuetan eta Baionan egingo ditue mobilizazinoak, baita eskualde eta herri batzuetan be. Bizkaiko manifestazino nagusia Bilboko Jesusen Bihotzaren plazan hasiko da, 13:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu