Guggenheim, Foru Aldundia eta Olafur Eliasson lankidetzan, Senegali laguntzeko
2020-02-18 11:46 Pil-pileanArgindarrik ez dagoan lekuetan eguzki bidezko lanparak ipinteko proiektua bultzatuko dabe.
Olafur Eliassonen Bizitza errealean izeneko aldi baterako erakusketea aurkeztu barri dau Bilboko Guggenheim Museoak, baina artista danimarkarrak artea baino gehiago ekarri dau Bizkaira. Izan be, Little Sun izeneko fundazinoko kide da, eta erakunde horrek bultzatzen dauen Senegalgo Argiak proiekturako bidelagun bi topau ditu hemen, Bizkaiko Foru Aldundia eta Guggenheim Museoa hain zuzen.
Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputadu Teresa Laespada eta museoko zuzendari Juan Ignacio Vidarte batzartu egin dira Eliassonegaz, artistea erakusketea aurkezten Bilbora etorri dala aprobetxauta. Bertan zehaztu ditue hiruren arteko akordioaren nondik norakoak.
Senegalgo Argiak garapenerako lankidetza proiektua da, argindarrik ez daukien lekuetara argia eroateko. Eguzkiaren energiagaz kargetan diran lanpara batzuen bidez, Senegalgo landa eremuetan gauez argia egotea lortu nahi dabe Little Sun fundazinokoek. Era horretara, umeek iluntzean be irakurri edo ikasi ahal izango dabe, eta eskolara joateko bidea argiztauta egongo da.
Umeentzako ez eze, komunidade guztiarentzako onuragarria izango dan proiektua da helburua. Horregaitik, lanpara batzuk egokituko ditue eskuko telefonoak kargau ahal izateko. Ganera, Senegalgo landa eremuko biztanleak eguzki energia erabilten ikasi deien trebatuko ditue, eta ekintzailetzan hasteko aukerak zabalduko deutsiez.
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Koopera egitasmoaren barruan sartu dau lankidetza barri hau. Bizkaia Kooperaren parte diran proiektu guztiak bat datoz NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuen 2030eko Estrategiagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!