En Tol Sarmiento, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi, Durangoko Azokan
2019-10-09 11:36 MusikeaAbenduaren 8an, Maider Zabalegik Bidea diskoa aurkeztuko dau. Sartzea doban.
Aurtengo Durangoko Azokea abenduaren 5etik 8ra izango da eta, urtero legez, Plateruena kontzertu handien plaza bihurtuko da. Durangoko bisitea iluntzera arte luzatu nahi dabenek horretarako aukerea izango dabe, Landako Guneko ateak zarratu eta gero.
54. edizino honetan Plateruenak kartel erakargarria antolatu dau, talde eta estilo ugarigaz. Oholtzara igoko diran taldeak ondokoak izango dira: ETS, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi. Ibilbide luzeko taldeak, proiektu barriak, ska doinuak, musika elektronikoa, bakarlaria, punk-rocka... Azokako bisitariek euren gustuen arabera plana egin ahal izango dabe Plateruenan.
Lehenengo gaua, abenduaren 5ekoa, ETS (En Tol Sarmiento) taldeagaz hasiko da, 23:00etatik aurrera. Talde arabarrak seigarren diskoaren aurkezpena egingo dau Plateruenan, uda honetan Euskal Herria zeharkatu ostean, Zein erraza bireagaz. Ska-rock doinuez gozau gura dabenek, Azokako lehenengo gauean horretarako aukerea izango dabe. Sarrerak aldez aurretik 8 euroan egongo dira salgai, txarteldegian egunean bertan 10 euroan.
Bigarren egunean, misterioz jositako kontzertua izango da; 23:00etatik aurrera, Pello Reparazek bere proiektu barria aurkeztuko dau, Zetak. Momentuz talde barriak abesti bi emon ditu ezagutzera, Errepideak eta Pater Noster, bideoklip eta guzti, eta erantzun ederra izan dau. Zemendiaren 27an aurkeztuko ditue talde barri honen nondik norakoak; ordura arte itxaron beharko da jakiteko zelakoa dan Reparazen proiektu barria. Sarrerak 12 euroan erosi ahal izango dira aldez aurretik, eta 15 euroan txarteldegian.
Abenduaren 7an, ibilbide luzeko talde bat igoko da Plateruenako eszenatokira: Arkada Social. Talde arrasatearra buru-belarri dabil Azokarako disko barria atontzen, euren diskografiako seigarrena. Abesti barririk ez dabe zabaldu oraindino, baina seguru betiko punk-rock doinuak ez dirala faltako. Sarrerak 10 euroan erosi ahal izango dira aldez aurretik, 13 euro bertan.
Azken egunean, barriz, lau eguneko maratoiaren ostean, lasaitasunez Azokea biribiltzeko tartea egongo da, Maider Zabalegi abeslari ezagunaren disko barriagaz. Iluntzeko 20:00etatik aurrera, Zabalegik Bidean diskoa aurkeztuko dau, eta bertan hainbat estilo jorratzen ditu: pop-rocka, baladak, countrya, kantu pausatuak, arinak, alaiak... Alaitz eta Maider bikotean ezagun egin eta gero, Maider Zabalegik bakarka argitaratutako bigarren lana beraz. Sartzea debalde izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!