Umeentzako esperimentu-liburua atera dau Elhuyarrek
2019-10-02 13:24 Pil-pileanSTEAM jakintzetako 52 ariketa praktiko batzen ditu argitalpenak.
Ondo pasetan daben bitartean STEAM kontzeptuak zer diran azaltzen deutse ume eta gazteei Elhuyarrek plazaratu dauen lan barriak. Zientzia, teknologia, injinerutzea, artea eta matematikea dagoz bost letra horreen atzean, eta jakintza horreen oinarrizko ezagutzak esperimentu praktiko eta sortzaileen bidez lantzen dira liburuan.
52 esperimentu dakarz STEAM esperimentuak haurrentzat izeneko liburu honek, errazak eta dibertigarriak. Esperimentu bakotxak honeek atalak ditu: behar dan materiala; segurtasun-jarraibideak; esperimentua zelan egin; jarduera osogarriak esperimentuan sakontzeko, asmamena sustatzeko eta problemak ebazten laguntzeko; eta STEAM kontzeptuen ganeko azalpenak.
Azken atal horretan, hain zuzen be, esperimentu bakotxean ze STEAM jakintza lantzen dira zehazten da. Ganera, kasu bakotxean lantzen dan gaiaren oinarrizko hiztegia be badago. STEAM kontzeptuez jaubetzea errezeta bati jarraitzea bezain erraza da, adierazo dabe Elhuyarrekoek.
Ume eta gazteek, beraz, ondo pasau eta ikasteko beste tresna bat daukie aukeran, eta, Elhuyarren produktuetan ohikoa danez, euskeraz. Guraso eta hezitzaileek be etekin handia aterako deutsiela ziurtatu dabe Elhuyarrekoek. 17,50 euroan dago salgai liburua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!