Bilbon youtuber gazte bi aukeratuko ditue

Bizkaie! 2019-09-23 08:56   Pil-pilean

Bilboko Udalak komuniketako modu bat sortu nahi dau, gazteentzat zuzenekoa, erakargarria eta hurrekoa.

Bilboko Udalak, Bilbao Gazte gazte-markearen bidez, hirugarren lehiaketea antolatu dau bere youtuber ofizialak aukeratzeko. Aurkeztutako hautagai guztien artean epaimahaiak mutil bat eta neska bat aukeratuko ditu, Bilbok gazteentzat dauen aisialdiaren arloko planak kontau eta azaldu deiezan Bilbao Gazteren Youtube kanalen bidez. Horretarako, aukeratutako youtuberrek hilean bideo bi grabauko ditue (bata euskeraz eta bestea gaztelaniaz), banaka edo binaka, 2019ko urritik 2020ko apirilera arte. Ekimen honen bidez, Bilboko Udalak komuniketako modu bat sortu nahi dau, gazteentzat zuzenekoa, erakargarria eta hurrekoa izango dana.

Parte hartu nahi dabenek bideo bat bialdu behar dabe, gehienez bost minutuko iraupenekoa eta, bertan, euren izen-abizenak, jarduna (ikasleak, langileak...), zaletasunak eta aisialdiko jarduerak adierazoko ditue. Horrezaz gan, Bilbon hurrengo asteburuan zein izango dan euren plana azaldu beharko dabe, euskeraz eta gaztelaniaz.

Bideo hori eta izena emoteko fitxea (bilbaogazte.bilbao.eus) we transfer aplikazinoaren bidez bialdu behar dira helbide elektroniko honetara: gazteria@bilbao.eus. Lehiaketearen oinarriak Bilbao Gazteren webgunea ikusi daitekez.

Bideoak bialtzeko epea gaur, irailak 20, hasi eta urriaren 7an (astelehena) amaituko da, 23:59an. Parte-hartzaileek hiru baldintza bete beharko ditue: 18tik 25 urtera bitartekoak izatea; Bilbon erroldatuta egotea; eta euskeraz eta gaztelaniaz komuniketako gaitasuna izatea

Lanak jasoteko epea amaitu ondoren, epaimahaiak 10 parte-hartzaile aukeratuko ditu eta, ondoren, alkarrizketea egingo deutse youtuber ofizialak izentetako. Lehenengo aukeraketan informazinoa helarazoteko gaitasuna, komunietako estiloa, irudiaren kalidadea eta bideoaren edizinoa balorauko dira. Aukeratutako 10 personei egingo jaken elkarrizketan, beste alderdi batzuk balorauko dira, besteak beste, gazteen ikuskerearen barruan hautagaiek proposamenak egiteko gaitasuna eta komunikazino arloko ekintzetan daben eskarmentua (formala izan ez arren).

Bilboko Udalak urriaren 11n iragarriko ditu aukeratutako personen izen-abizenak. Beraz, urritik aurrera, irabazleek 2020ko apirilera arte hilean bideo bi egiteko konpromisoa hartuko dabe, jagoken ordainsariagaz.

Youtuber barriek Begoña Ojinaga eta Julen Arberen ordez ibiliko dira, izan be, horreek aukeratu ziran lehiaketearen bigaren edizinoan eta horreek arduratu dira Bilboko gazteentzako aisialdiaren aukerak zeintzuk diran Youtuben konteteaz.


Bilbao Gazte

Bilboko Udalak gazteakaz batera lan egiteko dauen konpromisoaren isla da. Horretarako, Bilboko Udalak komunikazinorako ondoko tresnak ditu: profilak sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram eta Youtube) eta webgune bat, gazteei eragiten deutseen politika zehatzei buruzko informazino baliogarria emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu