Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak zemendiaren 1, 2 eta 3an izango dira Durangon

Bizkaie! 2019-09-20 09:10   Pil-pilean

Izena emoteko epea urriaren 7an amaituko da.

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak atontzeko prozesua lau hilabetekoa izan da. Danetara, 110 ponentzia, eztabaida eta tailer proposamen egin ditu EHko Mobimentu Feministeak. Izena emoteko epea urriaren 7an amaituko da.

Antolakuntzan batu garen kolektibo feministez gan, Euskal Herriko sare feministea be prest agertu da jardunaldietan parte hartzeko eta horren adibide dira milatik gorako izen emoteak, jasotako ponentzia zein tailer proposamenak, jardunaldietan laguntzeko prest dagozanak. Mila esker danoi. Beste behin Euskal Herriko Mobimentu Feministan salda badagoala erakutsi dogu.

Jardunaldi feministak mugarri garrantzitsua izaten dira Mobimentu Feministearentzat, alkarregaz batu eta datozen urteetako lerro nagusiak marrazten baititugu bertan. Azkenengo Jardunaldi Feministak orain hamaika urte izan ziran Portugaleten eta ordutik hona asko aldatu da testuingurua Euskal Herrian. Denpora tarte horretan, Mobimentu Feministea ez da geldi egon eta orain, gaurkotasun osoz dabil proposamenak egiten Durangoko Jardunaldietarako.

Zemendiaren 1, 2 eta 3an izango dan egitarau oparoa aurreratu dabe webgunetik jasotako proposamen guztiak batu eta txukuntzen ibili ondoren; danetara, 38 ponentzia proposamen eta 70 tailer jaso ditugu. Upealakoa izan da sare feministatik jasotako erantzuna eta bizirik eta indartsu gabizela erakusten dau horrek.

Jardunaldiotan bost mahai-inguru egongo dira kolektibo feministek ponentziak aurkezteko:

- Barikuan: Gure bizitzak erdiguneratzeko konpartidutako agendea eta burujabetzak.
- Zapatuan: Gorputzak eta sexualidadeak eta indarkeriarik bako bizitzak eregiten.
- Domekan: Mobimentu feministearen erraiei begira.

Mahai-inguru bakotxaren ondoren, hamabost tailer inguruko eskaintzea egongo da, azken egunean izan ezik, asanblada erraldoi bategaz zarratuko dalako eguna.

Jatorduari jagokonez, bertako produktoreakaz akarlanean gabiz. Parte-hartzaileei, mahai-tresnak eta edalontzia ekarteko eskatzen deutsegu, bertan plater organikoak erabiliko ditugu, ingurumena jagoteko gogoa ardatz hartuta.

Olatu hau geldigatxa da eta ezin dozue galdu. Oraindino urriaren 7ra arte dago izena emoteko aukerea. Antolakuntza-lanak errazteko, deia zabaltzen deutsegu emakume feminista guztiei, mesedez, ahalik eta azkarren izena emoteko.

Informazino guztia webgunean eta sare sozialetan daukagu eskuragai, baina hortik harago bestelako komunikazio bideak be zabalik ditugu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu