Youtubeskolak egitasmoa hasiko da Zalla, Derio, Durango, Zornotza eta Basaurin

Bizkaie! 2019-09-06 07:55   Pil-pilean

Ekimena hilaren 13an aurkeztuko dabe Euskerearen Etxean, Bilbon. 

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazinoak Youtube-ri buruzko ikastaroak ondu ditue urrian, Bizkaiko bost udalerritan.

Ekimena Basauri, Durango eta Amorebieta-Etxanoko Udalakaz eta Enkarterriko eta Txorierriko mankomunidadeakaz lankidetzan egin da.

Horregaz batera, Youtube bidezko lehiaketa bati ekingo deutse urrian eta zemendian, Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteentzat.

Ekimena hilaren 13an aurkeztuko dabe Euskerearen Etxean, Bilbon. Ekitaldian ondokoek parte hartu dabe: Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol foru diputadua, Iurdana Acasuso Azkue Fundazinoko zuzendaria, eta Iban Garcia eta Ane Atxutegi Youtuber gazteak, biek ala biek proiektua sustatzeko kanpainan parte hartuko dabe.


Youtubeskolak

YouTuben euskerearen erabilerea zabaltzeko asmoagaz sortu da Youtubeskolak, izan be, Youtube da gazteek euren aisian ikus-entzunezko edukiak ikusteko, konpartiduteko eta trukatzeko gehien erabilten daben kanaletako bat.

Ekimenean parte hartuko dabenek aukerea izango dabe YouTuben bideoak sortzeko, editetako, produziduteko eta post-produziduteko eta kanalak sortzeko eta kudeatzeko. Ikastaroetan gai interesgarriak landuko dira benetako youtuber bihurtu nahi dabenentzako, esaterako: Youtuben kontu bat sortzeko pausuak; izena emotea youtubeko kanaletan, profila personalizetea, grabaketak eta muntaiak egitea, musikea behera kargetea zein post-produkzinorako beste persona batzuen irudiak erabiltea, bisualizazino gehiago izateko estrategiak...


Lehiaketea eta jaia

Youtubeskolak proiektuaren barruan, Youtube bidezko lehiaketa bat abiatuko da, euskeraz. Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dabe. Horretarako, parte-hartzaileek gai zehatz baten inguruko bideo bat egingo dabe, objektu eta esaldi bategaz osotua, adibidez, objektua, egurrezko koilara bat eta esaldia, aurrerapen teknologikoak izugarriak dira!.

Sariak ondokoak izango dira: 13-14 urte bitartekoentzako Sari Nagusia eta 15-16 urte bitartekoentzako Sari Nagusia. Hirugarren sari bat be izango da, Youtuber Bizkaitarraren Bideorik Onena. Irabazle biek Iphone 7 Plus bana jasoko dabe, eta Youtuber Bizkaitar onenak, barriz, kamera bat, GoPro Hero 7 Black.

Irabazleak jai batean iragarriko dira eta sari-banaketea be bertan egingo da. Jaia zemendiaren 30ean egingo da Bilbon dagoan Euskeraren Etxean.

Informazino gehiago jaso nahi izan ezkero klik egin hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu