Hizkeren berba-mintzoak aztergai II. Nazinoarteko Dialektologia Biltzarrean

Bizkaie! 2019-02-18 13:07   Kulturea

Hitzordua martiaren 14an eta 15ean izango da, Bilboko Euskal Museoan.

Euskaltzaindiak mendeurrenaren barruan antolatzen dauen bosgarren jardunaldi akademikoa martiaren 14an eta 15ean izango da, Bilboko Euskal Museoan. Bertan, euskerearen berba-mintzoak aztertuko dira, eta, bide batez, dialektologiaren alorrean nazinoartean egindako azken ikerketak agertuko dira.

Hiru dira jardunaldi barriaren helburu nagusiak:

• Gaur egun nazinoartean dagozan dialektologia alorreko ikerketa eta egitasmoak ezagutu, eta horreen nondik norakoen barri izatea.

• Dialektologiak etorkizunean Euskaltzaindian izan leikezan iker-arloak zehazteko hausnarketa lagungarriak geureganatzea.

• Hizkuntza-atlasen corpusak izan leiken etorkizunaz eta erabilgarritasunaz hausnarketea egitea.

Era berean, Euskal Museoan egingo dan biltzarrak hiru atal nagusi izango ditu:

• Gaur egungo nazinoarteko dialektologia egitasmo nagusiak.

• Hizkuntzearen bariazinoari eta faktore eragileei buruzko ikerketak.

• Hizkuntza-atlasen corpusak. Etorkizuna eta erabilgarritasuna.

Danetara, 17 hizlari egongo dira. Gorago aitatutako atal bakotxean, txostengile nagusi bat egongo da eta, ostean, bi, hiruzpalau kidek osotutako mahai-inguruak egingo dira. Hizlariak bertokoak eta nazinoartekoak izango dira. Hona hemen atal bakotxeko hizlari nagusiak: Xarles Videgain. Euskaltzain osoa (CNRS-IKER); John Nerbonne (University of Groningen), eta Pilar García Mouton (CSIC).


Euskera ibiltaria: ikusi, entzun eta usaindu

Euskerearen Herri Hizkeren Atlasean oinarritutako Euskera Ibiltaria erakusketea goitik behera aldatu dau Euskaltzaindiak, eta emoitzea Euskal Museoan erakutsiko da, martiaren 13tik aurrera. Erakusketa barrituaren ezaugarri nagusiak:

• Orain arteko panelez gain, hainbat barrikuntza izango ditu: Teknologia barrien erabilerea sustatuko da; zentzumenakaz olgauko dau bisitariak: ikusi, entzun eta usaindu; EHHAko mapa eta berbakaz olgau ahal izango da; bisitariarentzat erronkak egongo dira eta gainditzen dituenen artean sariak zozketatuko dira; herri desbardinetako ahotsak entzun ahal izango dira: Herriz herri jasotako erantzunak entzungai egongo dira eta zenbait herritako pasarteak entzun eta irakurteko aukera egongo da

• Erakusketa lau hizkuntzatan egongo da (euskera, gaztelania, frantsesa eta ingelesa).

Biltzarrerako izen-emotea zabalik dago martiaren 11ra bitartean: info@euskaltzaindia.eus / +34 943 42 80 50 / +34 944 158 155 / +33 (0) 559 25 64 26/ +34 948 22 34 71 (plaza mugatuak / aldi bereko itzulpena).


Euskerearen berba-mintzoak Jardunaldiaren egitaraua hemen (109 KB)


Herri Hizkeren Atlasa: X. liburukia

Euskerearen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskerearen aldaerak mapetan jasotea dau helburu. Egitasmoa 1984an jarri eben abian, galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu ziralarik. Galdesorta horrek hizkuntzearen datu guztiak batzen ditu: lexikoa, fonetikea, morfologia eta sintaxia. Datuak batzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu zituen: Araban herri 1, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan be 36, Nafarroako Foru Erkidegoan: 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.

Galdeketa horreen azken emoitzea, X. liburukia, martiaren 15ean aurkeztuko dabe Dialektologia biltzarrean bertan. Oraingo liburukiak 243 mapa erakusten ditu eta ondorengo gaiak jorratu dira: olgetak, kirolak, birtuteak eta bizioak, gorputzeko bakotasunak, larruazaleko gatxak, gaixotasunak, heriotzea, ezkontzea, gizarte-bizitzea, ahaidegoa, erlijinoa, sinisteak, lana eta beharginak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu